ZiSare proiektua abian da eskualdeko hainbat ikastetxetan

Bosgarren ikasturtez jarraian, martxan da eskualdeko ikastetxeetan errotuz doan ZiSare proiektua. Helburua ikasleek hondakin organikoak tratatzeko bidea barneratzea eta konpostajea sustatzea da, eta programa honen baitan, ikasleek konposta egiten dute ikastetxean sortzen diren bihondakinak aprobetxatuz. Atsedenaldiko hamaiketakoan edo jangelatan sortutako edo soberan geratutako hondakin organikoak baliatzen dituzte, konpostagailura isuriz. Modu honetan, ikastetxeko baratzean edo lorontzietan erabili daitekeen ongarria lortzen dute.

Konpostaje prozesuaren nondik norakoak ikasteko aukera ere ematen du ZiSarek Konpostagailu barruan gertatzen dena ikuskatzeaz gain, prozesuan parte hartzen duten deskonposatzaileak ere aztertzen dituzte ikasleek. Prozesuaren jarraipena burutzen dute; datu zientifikoak biltzen dituzte, hala nola, tenperatura eta hezetasun maila, eta ongarri egokia lortutakoan, esperimentuak ere burutzen dituzte. Dinamika hauek guztiak taldean egiten dituzte.

2017-2018 ikasturtean, Urola Kostako 13 ikastetxek hartu zuten parte proiektuan; guztira, bost herrietako 1.075 ikaslek. Ikasturte honetan ere 13 ikastetxetan landuko dute programa. UKUEtik jakinarazi dutenez, “Hondakinen arazoa gure gizarteko erronka nagusienetako bat izaki, gazte gaztetatik ikastetxeetan kontzientziazio lana eginez, hurrengo belaunaldiek hondakin organikoen trataera lan gehigarri gisara ikusi ez dezaten lortu nahi da. Ekinez, lortzen dira emaitzak!”.

Irudiak: UKUE

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend