Herri Hezitzailearen diagnostikoa osatzeko azken saioa izango da ostegunean

Kulturaren eta euskararen inguruan lanean aritzen diren eragileei eta norbanakoei zuzendutako kontraste saioa izango da ostegunekoa. Azpeitiko udaletxeko bosgarren solairuan egingo dute bilkura, 17:00etan hasita. Abenduaren 1ean aurkeztuko dituzte eragileekin egindako saioetatik ateratako ondorioak.
Hezkuntza Mahaiak egindako kontraste saioko irudia. (Azpeitiko Udala)

Hezkuntza Mahaiak egindako kontraste saioko irudia. (Azpeitiko Udala)

Azpeitia herri hezitzailea izateko abiatutako egitasmoaren barruan, herriko eragileen balioen diagnostikoa osatzeko hainbat saio egin ditu Udalak azken asteotan arloz arlo, eta ostegunean, azaroaren 15ean, izango da kontraste saioetako azken hitzordua. Orain arte, Emakumeen Mahaiak, Hezkuntza Mahaiak eta Kirol Mahaiak egin dituzte balioen inguruko kontraste saioak, eta ostegunean kulturaren txanda izango da. Egun horretan, euskararen eta kulturaren arloan aritzen diren eragileetako ordezkariek izango dute hitzordua udaletxeko bosgarren solairuan, 17:00etan hasita. Bertan, herri hezitzailearen inguruan betetako galdetegietako emaitzak aurkeztuko dituzte egitasmoaren sustatzaileek, eta saiora bertaratzen diren herritar guztien artean ondorioak ateratzen saiatuko dira. Era berean, aurrera begirako erronkak identifikatzea izango dute helburu.

Udalak adierazi duenez, orain arteko kontraste saioak “mamitsu eta interesgarriak” izan dira. Behin horiek bukatuta, abenduaren 1ean aurkeztuko ditu Udalak eragileekin egindako saioetan jasotako emaitzak.

Iazko maiatzean egin zituzten Herri Hezitzailea jardunaldiak 80 lagun inguruk Sanagustin kulturgunean. Han sortutako kezketan oinarrituta hasi ziren herriko eragileen azterketa egiten. Joan zen udaberrian balioen inguruan hausnartzeko prozesuari ekin zioten, galdetegiak betetzeko deia eginda. Orotara, herriko eragileen 50 galdetegi jaso zituzten, eta hango emaitzetatik abiatuta egin dituzte kontraste saioak. Horietako azkena izango da ostegunekoa.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend