HAPO osatzeko, haurrentzat eta nerabeentzat tailerrak egingo dituzte Zestoan

Zestoako Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzen ari da, eta haurren eta nerabeen ekarpenak jasotzeko, hiru tailer egingo dituzte datozen egunetan Gaztelekuan.
Zestoa Gaztelekua

Zestoako Gaztelekuan egingo dituzte tailerrak. (Gaztelekua)

Zestoako Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzen ari da. Joan den astean, herritarrekin bi tailer egin zituzten haien ekarpenak jaso ahal izateko: lehenengoan kultura, natura eta etxebizitzen gaiak jorratu zituzten; eta bigarrengoan, hornidura eta jarduera ekonomikoak.

Saio horiek amaituta, herriko haurren eta nerabeen txanda izango da. Izan ere, haiek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute datozen egunetan Gaztelekuan egingo diren tailerretan. Datozen bi ostiraletan, azaroaren 16an eta 23an, DBHko ikasleek Gure herriaren bila ginkana egingo dute, 17:30ean hasita. Azaroaren 20an, asteartez, lehen eta bigarren zikloetako haurrentzat (6-9 urte), Zestoa Land(uz) tailerra izango da; saio horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Gaztelekuan (688 684 029). Bi txanda egingo dituzte: bata 17:00etatik 18:00etara eta bestea 18:00etatik 19:00etara. Amaitzeko, azaroaren 22an, osteguna, Zestoa nire begietatik tailerra egingo dute hirugarren ziklokoei zuzenduta.

Tailer horietan haurrek eta nerabeek Zestoari buruz duten ikuspegia jasoko dute, baita herria hobetzeko dituzten proposamenak bildu ere. Hori guztia Zestoako Udala idazten ari den HAPO txostenean txertatuko dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend