Eskualdeko hainbat txokotan erregaiak ustiatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Gipuzkoako eta Bizkaiko lau eremutan hidrokarburoak bilatzeko baimena eskatu zuten enpresei lan horiek egiteko aukera eman die Jaurlaritzak. Modu horretan, enpresek, besteak beste, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan ustiatze lanak egiteko baimena izango dute. Jaurlaritzak zundaketa lanetan  fracking teknika erabiliko ez dela aipatu duen arren, egoerak "mesfidantza eta kezka" sortu du Euskal Herriko mugimendu ekologistan.

 

Wikipediatik hartutako irudian, 'fracking' ustiaketa proiektuak Euskal Herrian, tartean Eusko Jaurlaritzak baimendutako Lorea, Sustraia eta Landarre eremuak. (Argia.eus)

Wikipediatik hartutako irudian, ‘fracking’ ustiaketa proiektuak Euskal Herrian, tartean Eusko Jaurlaritzak baimendutako Lorea, Sustraia eta Landarre eremuak. (Argia.eus)

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Gipuzkoan eta Bizkaian kokatzen diren hiru lur eremutan hidrokarburoak bilatzeko eta zundaketa lanak egiteko. Eremu horiei Landarre, Lore eta Sustraia izena eman die Jaurlaritzak, eta Gipuzkoaren bihotzean kokatzen den Landarre izeneko eremuan daude, besteak beste, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Errezil. Orotara, 37.314 hektarea ditu Landarrek. Jaurlaritzak joan zen urriaren 16an argitaratu zituen zundaketak egiteko baimenok Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Dekretuaren arabera, bi enpresek egingo dituzte hidrokarburoak ustiatzeko lanak, SHESA Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SAk eta Petrichor Euskadi Coöperatiefek, eta orotara, 1.300 kilometro koadrotan egin ahal izango dituzte lanok. Enpresa horiek 2011n eskatu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko lau eremutan zundaketa lanak egiteko baimena, baina Jaurlaritzak hiru leku soilik hartu dizkie ontzat; tartean, Landarre. Zundaketak “ahalik eta ingurumen kalterik txikiena egiteko” enpresek hartu beharko dituzten neurriak zehaztu ditu Jaurlaritzak agintaritzaren aldizkarian. Jaurlaritzaren arabera, Lore, Sustraia eta Landarre eremuetako ustiaketa lanak “ohiko teknikak erabiliz” egingo dituzte, eta ez haustura hidraulikoz edo fracking bidez. Dena den, Euskal Herriko mugimendu ekologistako zenbait eragilek “kezkaz” hartu dute Jaurlaritzaren azken erabakia.

Eusko Legebiltzarrak 2017ko ekainean onartu zuen lurpetik erregaiak haustura hidraulikoaren –fracking– bidez ateratzea galerazten zuen legea. Aurretik, 100.000 lagunek sinatuta iritsi zen herri-ekimen legegilea EAEko parlamentura. 2018ko urtarrilean, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen zatiak baliogabetu zituen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend