Otsailean hasiko dira biribilgunea eraikitzen Arroabeko bidegurutzean

Hiru hilabeteko epea izango dute lanak bukatzeko. 607.000 euroko aurrekontua izango du obra gauzatzeak. Datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko du proiektua aldundiak.
Ezkerretik eskuinera, Uribetxebarria, Mendizabal eta Oiarbide, gaurko prentsaurrekoan. (Mailo Oiarzabal)

Ezkerretik eskuinera, Uribetxebarria, Mendizabal eta Oiarbide, gaurko prentsaurrekoan. (Mailo Oiarzabal)

Datorren otsailean hasiko dituzte Arroabeko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak. Horrela iragarri dute gaur Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako diputatuak eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Zestoako udaletxean proiektua aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. Aldundiak egingo ditu lanak eta hiru hilabeteko epean bukatuta egotea da aurreikuspena.

Oiarbidek aurreratu duenez, datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko du aldundiak Arroabeko biribilgune berriaren proiektua, eta lanak lehiaketara aterako dituzte ondoren. 607.000 euroko aurrekontua izango du obrak. “Inbertsio garrantzitsua” dela azpimarratu du diputatuak, “biribilguneetara bideratzen direnen artean handienetakoa”.

Aspaldiko eskaera

Arroabeko bidegurutzeari irtenbidea ematearen eskaera aspalditik datorrela ekarri dute gogora bai Oiarbidek, bai Mendizabalek. Alkateak bere garaian azaldu zuen hamar urte badirela GI-631 errepideak N-634 errepidearekin bat egiten duen puntu horretan bide segurtasuna hobetzeko neurriak eskatzen hasi zirela. Hori dela eta, Joseba Ossa gogoan izan du gaurko agerraldian alkateak; Arroabeko auzo elkartearen lehendakaria izan da Ossa orain dela gutxira arte, eta bidegurutzeari irtenbidea emateko eskaerari ekin ziotenetako bat.

Oiarbidek, bere aldetik, azaldu du aldundiak agintaldi honen hasieratik izan duela mahai gainean Arroabeko bidegurutzearen afera, baina luzatu egin zaiela, azkenean: “Legealdi hasieratik izan genuen Zestoako alkatearen eskaera arrazoitua, baina proiektua egiterakoan tramitazioa luze joan da, ibaiaren hurbiltasunagatik Ura agentziak jarritako baldintzak bete behar izan direlako eta behar diren lurren kudeaketagatik”. Joan den ekaineko udalbatzarrean onartu zuen Zestoako Udalak Cementos Rezolaren lantegia zeneko 1.500 metro koadroko lur zati bat aldundiari uztea, biribilgunea eraiki ahal izateko.

Bidegurutze arriskutsua

Gaur emandako datuen arabera, Zestoatik zein Debatik Zumaia aldera doazen ibilgailuek osatzen dute trafiko emari handiena Arroabeko bidegurutzean: egunean, 5.000 ibilgailu. Debako noranzkoan, aldiz, egunean 2.000 ibilgailu zenbatu dituzte, batez beste.

Zestoatik datozen ibilgailuak GI-631 errepidetik N-634ra igarotzen diren puntua da bidegurutzearen zatirik arriskutsuena, ikuspen murritza duelako. “Udan, hondartza sasoia hasten denean, trafikoa nabarmen handitzen da. Urola Erdiko biztanle gehienen hondartzarako bidea da hau, eta ibilgailuak gehitzearekin batera, arrisku momentuen areagotzea ere nabarmentzekoa da”, azpimarratu du diputatuak.

Mikel Uribetxebarria, Bide Azpiegituretako Kudeaketa eta Plangintza zuzendaria, izan da Arroabean eraikiko duten biribilgunearen azalpen teknikoak eman dituena: “Diseinatu den biribilguneak hiru adar ditu, 50 metroko kanpo diametroa, 16 metroko diametroa duen barne erradioa, eta lau metroko bi lerrok osatuko dute eraztuna. Adar horietako bakoitzak bi sarrera lerro eta irteera lerro bakarra ditu. Irlatxo deflektoreak ere proiektatu dira, autoek biribilgunean sartu baino lehenago abiadura moteldu dezaten eta haien ibilbidea biribilgunearen trazatura era egokian zuzentzeko ere bai”.

Argiztapenari dagokionez, LED motako hamabi farola jarriko dituzte biribilgune berrian.

Arroabeko bizilagunen haserrea

Erakundeetako ordezkariak eta kazetariak ez ezik, Arroabeko hainbat bizilagun ere elkartu da gaur goizean Zestoako udaletxeko areto nagusian. Biribilgunearen gaineko azalpenak entzun ondoren, hitza hartu dute haietako batzuek.

Biribilgune berriak ez du Arroabeko herrigunerako sarrera-irteerarik izango, eta kexu azaldu dira bizilagunak. Bidegorriarenarekin batera, auzo elkartearen eskaera nagusietako bat sarrera-irteerei konponbidea ematea dela ekarri dute gogora, baina biribilgune berriak ez dio eskaera horri erantzungo.

“Pena eta amorrazioa” sentitzen dituztela adierazi du hitza hartu duen auzo elkarteko kide batek, udalari kritika zuzenduz: “Auzo elkarte bezala behin eta berriro eskatu dugu proiektu honen berri ematea, informatuko zitzaigula esan ziguten, eta ez da hala izan”. Arroabeko sarrerak eta irteerak “orain dela 60 urte bezala” daudela nabarmendu du, auzoa zein trafikoa txikiagoak ziren garaietan bezala.

Auzotik biribilgunera “zuzeneko sarbidea” izatea eskatzen dute Arroabekoek, baina biribilguneari laugarren adar bat ateratzea ezinezkoa dela erantzun die Mikel Uribetxebarriak, leku faltagatik. Biribilgunearen ingurua urbanizatzearen ardura udalarena dela gogoratu du Oiarbidek, eta aldundiak udalak bultzatutako hobekuntzak laguntzeko konpromisoa hartuko duela. Mendizabalek, berriz, Hiri Antolamendurako Plangintza Orokor berriaren barruan aukerak aztertuko dituztela esan du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend