Floreagako irisgarritasuna hobetzeko egindako azterketa aurkeztu dute

Auzoan lau igogailu eta beste hainbat baliabide jartzea proposatu du LKS enpresak. Bi milioi euro kostatuko dira lanak. Agintaldi amaierarako obrak amaitzea eskatu dute auzotarrek.
Floreagako azterketaren aurkezpena

Jende ugari bildu zen atzo Elkargunean egindako azterketaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak aspaldidanik ari dira irisgarritasuna bermatzea eskatzen, auzoak dituen aldapak direla eta. Eskaera horren aurrean, irisgarritasuna hobetzeko azterketa egitea erabaki zuen Azkoitiko Udalak, eta LKS enpresak atzo, asteartea, aurkeztu zituen lan horren emaitzak, Elkargunean. Floreagako bizilagun ugari elkartu ziren bertan.

LKSko ordezkari batek azaldu zituen azterketaren nondik norakoak. Auzoan malda handiak eta eskailerak daudela esan zuen, eta horrek eragiten dituela irisgarritasun arazoak. Haren arabera, auzoko punturik baxuenaren eta altuenaren artean %14,25eko malda dago, eta %6ko aldapa da legeak oinezkoen ibilbideetan baimentzen duen gehiengoa. Beraz, haren arabera, “alde handia” dago legeak baimentzen duenaren eta Floreaga auzoko errealitatearen artean. Argi dago, beraz, arazoa badagoela.

Egoera horri irtenbidea emateko hainbat aukera aztertu du LKS enpresak, eta horien berri eman zuen atzoko bileran. Irisgarritasun arazoa guztiz konpontzeko, lanak bost fasetan banatuta egin beharko direla aurreikusi dute. Guztira, lau igogailu nahiz hainbat pasabide, arrapala eta zebrabide eraikitzea proposatu dute.

Lanak, faseka

Hain zuzen ere, honako bost fase hauek izango lituzke obrak: lehen fasean, Floreaga ikastetxea eta Zuazola artean igogailua egitea proposatu du enpresak; bigarren fasean, Zuazola eta Floreagaberri artean egingo lukete igogailua; hirugarrenean, Zuazolan dauden eskailerak kendu eta arrapalak jartzea aurreikusten dute; laugarrengoan, Azkoitiko Udalak joan den agintaldian abiatu zuen igogailuaren proiektua berreskuratuko luke; eta bosgarren fasean, Izarraitz eta Aretxabaleta artean egingo lukete igogailua.

Hona hemen fase bakoitzeko lanak nola geldituko liratekeen erakusten duten irudiak:

1 fasea

1. fasea

 

2 fasea

2. fasea

 

3 fasea

3. fasea

4 fasea

4. fasea

 

5 fasea

5. fasea

Auzoaren beheko aldeko lanak egiten hastea proposatu du LKS enpresak, eta faseka, goiko aldera iritsi arte egitea obrak. LKSko ordezkariaren esanetan, modu horretan, “jende gehiagok” erabili ahal izango ditu jarritako baliabideak. Guztira, bi milioi euroko aurrekontua dute lanek, BEZa barne.

Azterketa egilearen azalpenak amaitu ostean, Iñaki Lopez Floreagako bizilagunak hartu zuen hitza, Floregako batzordearen izenean. Haren arabera, “plan ona” iruditzen zaie proposatutakoa, arazoari konponbidea emango diolako, auzoaren beheko aldetik hasi eta goraino. “Guk nahi eta espero dugu proiektu hau ahalik eta azkarren gauzatzea. Espero dugu adostasuna egongo dela udal talde guztien artean, eta batez ere, gobernuko taldeak babestuko duela proiektua, datorren agintaldiaren amaierarako egitasmoa bere osotasunean eginda egon dadin. Horretarako, 2019ko aurrekontuetan partida garrantzitsu bat jarriko dutela espero dugu proiektuaren lehen bi faseak ahalik eta azkarren egiteko”. Horrez gain, udal ordezkari guztien konpromisoa eskatu zuen agintaldiaren amaierarako proiektua errealitate bihur dadin. “Ziur lortuko dugula”, erantsi zuen, eta han bildutakoen txalo zaparrada jaso zuen.

Udal taldeen babesa
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak proiektua babesten duela adierazi zuen. “Egin nahi dugu, konponbideak baditugu; beraz, zer falta da? Dirua”, adierazi zuen. Udalak inbertsioak egiteko urtero 1.200.000 euro inguruko partida izaten duela azaldu zuen, eta Floreagako arazoa konpontzeaz gain, herritarrek behar gehiago ere badituztela. “Herrian hainbat auzo dugu hainbat beharrekin, eta gobernuaren eginbeharra da horiei irtenbidea ematen saiatzea”.

Behin azterketa eginda, obren proiektuak idaztea izango da hurrengo pausoa. Zubizarretak azaldu zuen orain ari direla datorren urteko aurrekontuak zehazten, eta ziurtatu zuen lehen bi faseetako proiektuak egiteko partida bat jasoko dutela aurrekontu horietan.
Ainara Goenaga EH Bilduko zinegotziak ere hartu zuen hitza. Hark nabarmendu zuen datorren agintaldian oposizioan edo gobernuan egon, arazoa konpontzeko “egin beharreko guztia” egingo dutela.

Bi udal ordezkariek gaztelaniaz egin zituzten adierazpenak, eta hori ikusita, herritar batek hartu zuen hitza: “Datorren ostiralean  Euskaraldia hasiko da, eta azken bi hitzartze horiek ez ditut ulertu”. Txalo egin zuen jendeak.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden alternatiben bideo muntaia da honakoa:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend