Lehiatzeko prest da emakumezkoen Telmo Deun

2015ean eman zituen azken paladak Zumaiako emakumezkoen traineruak. Hiru urte beranduago, berriro uretaratu eta lehiatzeko prest dira, ordea. ETE ligan (bigarren mailan) arituko dira,

IMG_2446Lau denboraldi beranduago, 2019an, itzuliko da Kantauri itsasora emakumezkoen Telmo Deun trainerua. Bere loraldi garrantzitsuenetarikoan entrenatzaile izan zen Kike Manterola izango da, beste behin, taldearen gidaria. Bere alboan izango du Jon Martija ere, eta prestatzaile fisiko lanetan berriz, Jokin Gijarro.

Iaz izan zen emakumezkoen trainerua ateratzeko saiakera, baina, arrazoi batzuk medio, bertan behera gelditu zen aukera hori. Aurten, zuzendaritza talde aldaketa izan da Zumaiako Arraun Elkartean, eta talde berriaren asmoa emakumezkoen trainerua uretaratzea izan da hasieratik. “Emakumezkoen traineruarekin lau urtez izan nintzen entrenatzaile, eta zuzendaritza berriak eskaini zidanean berriro ere entrenatzaile izateko, baiezkoa eman nien”, kontatu du Manterolak.

Proiektu berria da oraingoa. “Jende berriarekin hasi gara lanean, eta horrek erronka ezberdinak izatea dakar”, esan du. Baina Manterolari ez dio beldurrik edo bertigorik ematen. “Alderantziz, aliziente bat da niretzat. Badakigu herria begira egongo dela, baina, garai bateko trainerua izatera iristeko asko falta zaigu. Hortaz galdetzen didatenei garai haiek ahazteko esaten diet. Orain nora iritsiko garen? Ez dakigu, baina lana egingo dugu behintzat”, nabarmendu du.

24 emakumek osatzen dute taldea. Horietatik asko beheko mailatik igotakoak dira, nahiz eta oraindik batzuk gazte mailakoak izan. Beste batzuk duela urte batzuk arraunean ibilitakoak dira, eta lau inoiz ibili gabeak. “2013an Kontxako bandera irabazi zutenetatik bakarra dago, eta beste pare bat 2014an eta 2015ean ibilitakoak. Lehengo emakumeei dei egin zaie. Etorri dira hitz egitera baina ez dira hasi entrenatzen. Azkenean ia denak arrauna utzita dute”, esan du.

Lehiakorrak izatea helburu

ETE ligan, emakumezkoen bigarren mailan, arituko da datorren urtean Telmo Deun. Lehen Gipuzkoako liga zen, baina orain, traineru bizkaitarrek eta kantabriarrek ere hartzen dute parte. San Juanen aferarekin, ordea, ez dakite zer gertatuko den Euskotren ligan. Manterolari, baina, horrek ez dio lorik kentzen. “Urtebete bigarren mailan egotea ongi etorriko zaigula uste dut. Horrela arraunlariek esperientzia hartuko dute, estropadak jokatuko dituzte eta lehiaketa zer den ikusteko aukera ere izango dute”, azaldu du.

Traineruaren asmo nagusia ahal den ondoen ibiltzea izango da, eta momentuz ez dute helburu zehatzik jarrita. “Entrenatzen hasiberriak gara, eta oraingoz puzzlea osatzen gabiltza. Ekainean agian finkatuko dugu helburu zehatzen bat”, esan du. “Urte batzuetako proiektua izatea gustatuko litzaidake, eta noski, ahal bezain azkar traineru lehiakor bat izatea nahiko nuke. Horretarako lana egingo dugu”, jarraitu du.

Emakume asko hasi dira denboraldi berria prestatzen eta gustura azaldu da Manterola. “Jendea etorri da eta zorte handia da hori. Gainera gehienak harrobiko emakumeak dira”, kontatu du. “Ilusioa nabari zaie, eta gazte eta zaharragoen arteko harremanak asko laguntzen du taldea osatzerakoan. Kontxako irabazle bat adibidez taldean izatea erreferentea da taldekide askorentzat, eta ez uretan bakarrik, baita taldearen egunerokotasunean ere”, esan du. Iaz Hernaniko traineruan ibilitako zazpi aurten herriko traineruan arituko dira, eta hori pizgarria da. “Poza da beraientzat herriko taldean aritzea, noski”, nabarmendu du.

Trainerilla prestakuntza gisa

Traineru denboraldia hasi aurretik trainerilla liga jokatuko da udaberrian, eta batez ere, prestakuntza modura hartuko dute zumaiarrek. “Esperientzia hartzeko balioko digu trainerilla ligak, baina beno, tripulazio oso ona daukagula ikusten badugu, txapelketetara joango gara lehenengo postuen bila”, kontatu du.

Duela hilabete hasi ziren entrenatzen eta astean zehar lehorreko entrenamendua egiten dute. Larunbatetan, berriz, uretara ateratzen dira. “Gabonak pasa ondoren astean bitan joango gara. Hori bai, norbaitek arraunean hasi nahi badu jakin ateak irekita izango dituela. Inoiz ibili gabeko jendea daukagu, beraz, lasai etortzeko gonbidapena luzatu nahi dut”, amaitu du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend