Oier Korta da Zumaiako EAJren alkategaia

Egun alkatea den Oier Korta aukeratu du Zumaiako EAJk Zumaiako alkatetzarako hautagai. Alderdiak adierazi duenez, erabakia "aho batez" hartu dute alderdikideek, Kortarengan duten "konfiantza berretsiz".
Edurne Egaña Zumaiako Uri Buru Batzarreko lehendakaria eta Oier Korta EAJren alkategaia. (Baleike)

Edurne Egaña Zumaiako Uri Buru Batzarreko lehendakaria eta Oier Korta EAJren alkategaia. (Baleike)

Ohar baten bidez, gaur jakinarazi du Zumaiako EAJk zein izango duen datorren maiatzean egingo diren udal hauteskundeetako alkategaia. Hain zuzen ere, egun Zumaiako alkate den Oier Korta izango da hautagaia. Edurne Egaña Zumaiako EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakariak azken agitaldiak Kortak egindako lana goraipatu du: “Lau urte dira Oierrengan gure konfiantza jarri genuela, eta argi dago ez digula hutsik egin. Agintaldi honetan lan izugarria egin dute, bai Oierrek, baita bere taldeak ere, eta zumaiarrek lan hori eskertzen dutela badakigu. Eman beharreko ziaboga hori gidatzeko gai izan da Oier; izan ere, orain lau urte esaten genuen bezala, lanerako gaitasun handia duen pertsona da. Zumaia geldialditik atera du eta zumaiar guztien alkate izan da, jarrera zabalarekin eta herritar guztiengana irekita. Lau urte dira, Zumaiak eman behar zuen ziaboga emateko pertsona egokia izan zitekeela pentsatuta, bere aldeko apustua egin genuela, eta agintaldi honetan egindako lanarekin erakutsi digu asmatu genuela”.

Egañak erantsi duenez, datorren agintaldian herriaren etorkizuna eta herria berritzeko erronkak dituzte esku artean. “Geroari begira zer komeni den aztertu eta landu nahi dugu, eta belaunaldi berriei Zumaia hobe bat utzi”, gaineratu du. Zumaiako EAJk Oier Korta hautagai ezin egokiagotzat jo du: “Eskarmentua du, baita ideia berriak ere, eta eskerrak eman behar dizkiogu hartutako erronkagatik, bihotzarekin eta bururekin, esperientziaz eta berrikuntzaz ariko baita”.

Informazio gehiago Baleike.eus webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend