Urola Kostan hamaika milatik gora herritarrek eman dute izena Euskaraldian

Azken hilabeteetan Euskaraldiaren aldeko sarea zabalduz joan da herriz herri.

Gaur hasi da Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzeko egingo den ariketa soziala. 11 egunez egingo da, gaur tik eta abenduaren 3a bitartean. Aurrez Lasarte-Orian, Agurainen edo Donostiako Egia auzoan egindako egitasmoak kontuan hartuta, Euskal Herri osora zabalduko da ariketa egunotan. Euskaraldia sustatzeko bat egin dute tokian tokiko erakundeek eta euskalgintzako eragileek. Herriz herri egitasmoa aurrera ateratzeko akuilu lana egin dute urtearen hasieratik.

Egitasmoaren helburua, eguneroko harremanetako hizkuntza inertziak astintzea da, eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela ikusaraztea. Horrez gain, hizkuntza ohiturak norberaren hautua direla jabetu arazi nahi dira herritarrak. Norbanakoak, herritarrak, hartu beharreko erronka da, baina taldean eta ados jarrita bidea erosoago egitekotan abiatu da ariketa.

Ahobizi edo belarriprest rola hartuta euskararen erabilera modu aktiboan areagotzeko konpromisoa da eskatzen dena. Ahobizi rola hartuko dutenek euskaraz egingo dute lehen hitza, nahiz eta besteak erdaraz erantzun, eta ulertzen badu euskaraz jarraituko dute. Belarriprest rolean ariko direnek, berriz, haiei euskaraz egiteko eskatuko dute, nahiz eta gero erdaraz erantzun. Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan txapa eramango dute soinean, ahobizi edo belarriprest gisara identifikatuko dituena.

Izen-ematea gehitzen
Euskaraldia antolatzeko eta sustatzeko, azken hilabeteotan lan mardula egin dute udalek eta euskalgintzako eragileek. Urola Kostako 11 udalerrietan egin dute lanketa, eta herritarrengandik erantzun oparoa jaso da: herenegungo datuak —atzo arratsaldean oraindik ere izena ematen ari zen jendea herriz herri— kontuan hartuta, Urola Kostan 11.000 herritar baino gehiagok zuen izena emanda Euskaraldian parte hartzeko. Gainera, ekimena hasi bezperetan gizentzen eta gizentzen joan da parte hartze kopurua. Hitzak aste honetan bildu dituen datu batzuk honakoak dira: Aia, 158; Aizarnazabal, 120; Azkoitia, 1.463 (1.339 ahobizi eta 124 belarriprest); Azpeitia, 2.100etik gora; Orio, 1.311 (1.100 ahobizi eta 200 belarriprest); Getaria 450 (400 ahobizi eta 50 belarriprest); Zarautz, 3.600etik gora; Zestoa, 681 (603 ahobizi eta 78 belarriprest); eta, Zumaia, 1.700. Ziur gaurko gora egin dutela zenbaki horiek.

Herrika udaberri aldera hasi ziren Euskaraldia sustatzeko lantaldeak egitasmoa kaleratzen. Euskaraldiko hamaikakoak aurkeztu zituzten herriz herri. Orion, ordea, hamalaukoa osatu zuten, trainerua irudikatuz. Azpeitian, berriz, bi hamaikako osatu zituzten: bat belarriprestekin osatutakoa eta bestea ahobiziekin.

Saretuz zabaldu da
Irailaren 20an, berriz, Euskaraldian izena emateko epea zabaldu zuten. 16 urtetik gorako herritar guztiei eman zaie aukera parte hartzeko. Izen-emateak jasotzeko bide desberdinak ipini dituzte: Internet bidez Euskaraldiaren atarian (izenematea.euskaraldia.eus) izan da aukera eta herrika mahaiak, kutxak…jarri dituzte. Zenbait auzo elkartek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta beren auzoetan bultzatu dute izen-ematea. Horren adibide dira, Zestoako Aizarna eta Arroabea.

Azken hilabeteetan Euskaraldiarekin bat egin dutenen sarea zabalduz joan da herrietan. Talde sustatzaileen lekukoa hartu dute herriko hainbat arlotako eragileek, egitasmoarekin bat eginez eta beren talde eta elkarteetako kideak eta bazkideak parte hartzera deituz eta animatuz: ikastetxeak, elkarte gastronomikoak, kirol taldeak eta klubak, erakundeetako eta enpresetako langileak, gazteria eta aisialdikoak, gizartekoak… Orion, esaterako, Euskaraldiko hamalaukoak osatu dituzte herriko ia elkarte gehienek. Horren erakusle, Orioko Euskaraldiaren talde sustatzaileak bildutako argazkiekin poster bat kaleratu du. Elkarteek hori eskuratzeko aukera ere izango dute, beren lokal edo egoitzan gorde nahi badute ere.

Egindako lanaren emaitza ikusteko gogoz eta ilusioz daude Euskaraldia antolatzen jardun dutenak. Hala adierazi du Ioseba Fuentes Getariako Artzape euskara elkarteko kideak: “Artzape euskara elkarteko kideok eta udalak lan asko egin behar izan dugu egitasmoa aurrera ateratzeko, eta une batzuetan boluntarioak bilatzea kostatu zaigu. Baina 400 parte hartzaileren langa gainditu dugu Getarian eta hori pozgarria da”.
Gaurtik eta abenduaren 3ra bitartean ikusiko da eskualdean zer nolako emaitza duen  euskararen erabilera areagotzeko 11.000tik gora herritarrek egingo duten ahaleginak.

EUSKARALDIA
Azaroak 23, ostirala
– Aizarnazabal.  Euskaraldiari txupinazoarekin emango diote hasiera, 19:00etan, herriko plazan. Euskaraldiaren pregoia egongo da. Herriko musika eskolako trikitilariekin kalejira egingo da hasiera ekitaldia girotuz.
– Azpeitia. Musikalean ekintzarekin emango diote hasiera Euskaraldiari. 18:45ean, 11 itxafero botako dituzte herriko plazan. Azpeitian izena eman duten lagunak zenbatuko dituzte eta 11 egunetarako hainbat gogorarazpen egingo dituzte. Segidan, Musika Eskolako ikasleek Alde Zaharreko kaleak alaituko dituzte, Musikalean egitasmoarekin. Euskal kantak izango dira ardatz. Herritar guztiak animatu dituzte 18:45erako herriko plazara joatera, eta ondoren “musikaz eta kaleaz gozatzera”.
– Beizama. Euskaraldian izena emanda dauden herritarrek txapa jasotzeko aukera izango dute udaletxean.
– Errezil. Euskal Herri osoan bezala, Errezilen ere Euskaraldiarekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak, Ahobizi edo Belarriprest rolak hartuta.
– Getaria. Egunero bezala, Turismo Bulegoan Euskaraldirako izena emateko eta txapa jasotzeko aukera izango da.
– Zarautz. 18:00etatik aurrera, mahaia jarriko dute Lege Zaharren Enparantzan, azken orduko izen-emateak eta txapa banaketak egiteko.
18:00etan, Beldartxo Jatuna antzezlana haurrentzat, Merkatu plazako lehenengo solairuan. Didau antzerki faktoriaren eskutik.
19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira herritarrak, eta bertan, kaleak girotuko dituzte Goizeko Ihintza txistulari taldeak, dantzariek, Zarakatun batukadak, Zarautztrik trikitilariek eta Arrai Zopa kantujirak, hala, festa Lege Zaharren Enparantzatik Musika Plazaraino zabalduz.
– Zestoa.  18:00etatik aurrera, Zestoako plazan gaztain erre janarekin Euskaraldia hasiko dute. Txaranga ere izango da bertan, ekitaldia girotuz. Euskaraldiko txapak jasotzeko aukera ere izango da bertan, 18:00etatik 20:00etara.
Arroabean, 19:00etatik aurrera, frontoian, gaztain erre jana egingo dute, trikitilariek girotuta.Euskal abestiak kantatuko dituzte bertan bildutakoek. Bertan txapak jasotzeko aukera izango da.
Aizarnan ere Euskaraldiari hasiera emango diote, txapak banatzen jarraituz.
– Zumaia. Euskaraldiko txapak jartzeko ekitaldia egingo dute, 20:00etan, Kofradiako plazan. Musikaz eta sagardoz lagunduta topa egin eta katxapero hotsez Euskaraldiari hasiera emango diote. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Azaroak 25, igandea
– Zarautz. Hondartzako futbol txapelketako parte hartzaileek Euskaraldiaren aldeko argazkia aterako dute, 10:30ean, hondartzako 6. jokalekuan.
– Zestoa. Hezurbeltzak taldearen kontzertua, 19:30ean, udaletxeko arkupeetan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend