Arroarrek elkarretaratze jendetsua egin dute biribilgunearen proiektuarekin gertatu dena salatzeko

Biribilgunea egitea "berri pozgarria" iruditzen zaie arroarrei, baina proiektu horrek bidegorria eta herrirako sarrera barneratzea espero zutela nabarmendu dute. Zestoako Udalak informazioa ezkutatu izana salatu dute, eta erakundearen jarrera ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Arartekora jo dute.

Arroako elkarretaratzea

Arroako hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, biribilgunearen proiektuarekin gertatzen ari dena salatzeko, Arruarroi adar jotzeik ez lemapean. Asteartean jakinarazi zuten Zestoako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek otsailean hasiko direla Arroabeko bidegurutzeko biribilgunea eraikitzen, eta egun horretan bertan bere haserrea agertu zuen Ezkaizto Arroabeko auzo elkarteak. Atzo arratsaldeko elkarretaratzean, haserre horren nondik norakoak azaldu zituzten han bildutakoek.

Arroako bizilagunen arabera, “aspaldikoak” dira biribilgunearen eta bidegorriaren aldarrikapenak. Duela pare bat urte, ordea, “kalera atera eta borroka indartzea” erabaki zuten. “Hasieratik oso garbi izan dugu Zestoako Udalaren inplikazioa beharrezkoa izango zela helburu horiek lortzeko. Horregatik, behin eta berriz gonbidatu dugu udala lankidetzan aritzera”, azaldu dute. Dena den, udalaren partetik “axolagabekeria, gezurrak eta errespetu falta” baino ez dituztela jaso diote. “Eta askotan harremana ez okertzeagatik gauzak isilpean gorde baditugu ere, azken asteko gertakariek salaketa publikoa egitera behartu gaituzte”, erantsi dute.

Bombas Azcue pareko biribilgunea “arriskutsua” dela diote, eta, beraz, “berri pozgarria” iruditzen zaiela bertan biribilgunea eraikitzen hasiko direla jakitea. Baina proiektu horrek bidegorria eta herrirako sarrera barneratzea espero zutela nabarmendu dute. Horrek eragin du arroarren haserrea.

“Biribilgunea egiteko asmoaren berri izan bezain laster, udalera jo genuen proiektuaren nondik norakoen berri izateko, hau da, gure bi eskariak aurreikusten ote zituen jakiteko. Udalak behin eta berriz informaziorik ez zeukala eta oraindik ezer zehatzik ez zegoela erantzun digu. Baina herriko sarbideari eta bidegorriari buruz galdetuta, bi horiek proiektuaren parte ez zirela izango ulertarazi ziguten. Guk proiektua ikusi nahi genuela eta mesedez alegazioak jarri behar zirela esan genien. Kontu hauetan epeak zeinen garrantzitsuak diren jakinik, proiektua zer fasetan zegoen galdetu diegu behin baino gehiagotan. Baina inoiz erantzun garbirik ez dgu jaso: oraindik idazten ari zirela, alegazioen epea oraindik ez zela ireki…”.

“Susmo txarra”

Kontuari “susmo txarra” hartzen hasi ziren orduan arroarrak, eta irailean, Zestoako Hirigintza Batzordera jo zuten, informazio eske. “Baina hura ez zela momentua esan ziguten, eta deituko zigutela bilera bat egiteko. Deirik jasotzen ez genuela ikusita, geu izan gara behin baino gehiagotan alkateari bilera eske idatzi diogunak”. Horrela bi hilabete baino gehiago pasatu dituztela azaldu dute, eta oraindik ez dutela bilera hori egiterik lortu. Aurreko astean, alkatearen beste mezu bat jaso zuten: “Informazio berririk ez zeukala esan zigun, baina begira nola diren gauzak: jada prentsaurreko bazkaria antolatuta zeukan”.

Proiektua prentsarren aurrean aurkeztu behar zutela “kasualitatez eta iturri ez ofizialen bidez” jakin zutela adierazi dute. “Sinesgaitza badirudi ere, duela astebete oraindik ere informziorik ez zeukala eta bilera aurrerago egingo genuela esan zigun pertsona berberak, Josetxo Mendizabalek, prentsaurreko bat eman du biribilguneari buruzko informazioa emanez. Baina zer errespetu falta da hau? Prentsaren bidez jaso behar al ditugu gure herriari buruzko berriak? Orain arte gezurretan aritu ote zaigu, ezer berririk ez zekiela zioenean?”.

Beraien “beldurrak egi bihurtu” direla diote atzoko elkarretaratzean bildutakoek. “Epe guztiak pasatu dira eta proiektua datorren astean onartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundian. Baina gu ez gaude etsitzeko prest, ez ditugu gauzak horrela utziko. Udalarekin ezer ezin dela egin ikusi dugunez, zuzenean aldundira eta Arartekora jo dugu zer gertatu zaigun azalduz. Agian berandu izango da, baina datorren astean bertan biribilgunearen proiektuaren moratoria bat eskatzeko asmoa dugu”. Izan ere, laugarren sarrera bat izateko biribilgune “txikiegia” dela esan izan diotela azaldu dute arroarrek. “Baina arazoa espazio falta bada, udalak lur zati handiagoa emango balu, konponduta legoke kontua, ezta?”.

Instituzioetako lanaz gain, herritarrek lanean jarraitu behar dutela nabarmendu dute arroarrek. “Tamalez, hainbat arrazoi dugu kalera irteteko. Biribilgunearen gaiaz gain, autobus geltokietako zebrabidearen gaia ere hor dago, udalaren eskumena izanik, inongo aurrerapenik egin ez duena”. Bidegorriaren gaia ere ezin dutela “ahaztu” nabarmendu dute. “Ez gaude prest burla gehiago jasotzeko. Arroarroi adar jotzerik ez!”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend