Adinekoen egoitzetako langileek mobilizazioz betetako astea hasi dute

Mahai negoziatzaiea hilaren 20an elkartu zen, baina ELA eta LAB sindikatuek salatu dute egoerak "bere horretan" jarraitzen duela. Gaur greba eguna dute egoitzetan, bi sindikatuek deituta, eta ELAk ostiralera arte luzatuko ditu lanuzteak. Era berean, beste hainbat mobilizazio egingo dute eskualdean datozen egunetan.
IMG_5305

LABek joan zen hilean Azpeitian egin zuen elkarretaratzearen irudi bat. (Ane Olaizola)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan hitzarmen “duina” aldarrikatzeko asmoz, mobilizazioetan jarraitzen dute sindikatuek, eta aste honetarako protesta saio ugari deitu dituzte LABek zein ELAk. Gaur, esaterako, greba eguna deitu dute bi sindikatuek, eta ELAk ostiralera arte luzatuko ditu lanuzteak. Horrez gain, sindikatu horrek beste hainbat mobilizazio deitu du eskualdean datozen egunetarako: bihar, asteartea, elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko plazan, 11:30ean; etzi, asteazkena, auto karabana egingo dute, 10:00etan Zarauztik hasita; eta hilaren 29an, ostegunean, Zumaian pintxo pote “aldarrikatzailea” egingo dute, 19:00etan.

Adinekoen egoitzetako mahai negoziatzailea joan zen asteartean, hilaren 20an, elkartu zen, baina bi sindikaturen arabera, negoziazioak “bere horretan” jarraitzen du, eta azken bi asteetan ez da “inolako pausorik” eman mahai horretan. Era berean, LABek ELAri galdegin dio “behar den proposamena” aurkez dezala negoziazio mahaira, “egoera desblokeatzeko”. Biek ala biek gogoratu dute bi urte igaro direla patronalari proposamena helarazi zietenetik, baina ordutik pausorik ez dela eman salatu dute. “Patronalaren estrategia denbora pasatzen uztea izan da, eta azkeneko mahai sektorialean egingiko proposamenak hutsaren hurrengoak izan dira”, gaineratu du ELAk. Patronalaren jarrera ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere kritikatu du sindikatu horrek, lan gatazkan ez duelako “aldeko eta kontrako jarrerarik” hartu.

Sindikatu bakoitza bere bidetik ari da aurrera eramaten adinekoen egoitzetan lan hitzarmena berritzeko aldarria —2012tik berritu gabe dago–. ELAri dagokioenez, honako hauek dira sindikatuaren eskaera nagusiak: soldatak eta plusak igotzea, hogei minutuko atsedenaldiak ordainduta izatea, lanaldiak normalizatzea, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ratioen hobetzea, norberaren zereginetarako egunak edukitzea, gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea eta 60 urtetik gorako langileei “erraztasunak” ematea.

LABek, bere aldetik, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea eskatzen die patronalei. Era berean, honako eskaera hauek dira LABek negoziazio mahaira eraman dituenak: kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lanbatzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen egoera salatzeko deitu dituzte mobilizazioetan parte hartzera dei egin die hango beharginei zein herritarrei.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend