‘El Camino Ignaciano en Euskadi’ dokumentala estreinatuko dute etzi Azpeitian

Madalenako Ospitalean emango dute, 18:30ean hasita, Inaziotar Bidea ezagutarazteko asmoarekin egin duten lan berria; 50 minutuko bi atal ditu eta biak emango dituzte. Oscar Terol aktorea da dokumentalaren protagonista eta gaztelaniaz grabatu dute.
Etxeberria, Retortillo, Etxarte eta Cristobal, dokumentalaren kartelarekin. (Mailo Oiarzabal)

Etxeberria, Retortillo, Etxarte eta Cristobal, dokumentalaren kartelarekin. (Mailo Oiarzabal)

Inaziotar Bidea sustatzeko eta ezagutarazteko egitasmo berria aurkeztu dute gaur Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailburuak, Ina Etxarte Loiolako jesuiten zuzendariak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Loiolako Santutegiko Loiola Zentroan: El Camino Ignaciano en Euskadi dokumentala. Oscar Terol aktorea da Antonio Cristobalek zuzendu duen ikus-entzunezkoaren protagonista eta gidaria. 50 minutuko bi ataletan banatu dute lana: Loiola eta Arantzatzu lotzen dituen Hiru Tenpluen ibilbidea erakusten du aurrenekoan Terolek; eta Arantzazutik Arabako Lapuebla de Labarca herrirainoko etapak, berriz, bigarren atalean. Izan ere, Loiolako Inaziok egin zuen bidean oinarrituta Inaziotar Bidea Manresaraino (Katalunia) iristen den arren, Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen dituzten bidearen zazpi etapak eta 150 kilometroak erakutsi nahi izan dituzte ikus-entzunezkoan. Gaztelania hutsean grabatu dute dokumentala.

Azpeitian, Inaziotar Bidearen sorburuan, estreinatuko dute dokumental berria, eta horren berri emateko baliatu dute gaurko aurkezpena. Etzi izango da estreinaldia, Madalenako Ospitalean, 18:30ean hasita. Dokumentalaren bi atalak ikusteko aukera izango da bertan, baita bien tartean mokadutxoa egitekoa ere. Ekitaldia irekia izango da, sarrera doan, eta Terol eta Cristobal, besteak beste, Madalenan izango dira bihar.

“Ezagunagoak diren beste bide batzuekin alderatuta, Inaziotar Bidea altxor ezezaguna da oraindik jende askorentzat; ez bakarrik gurera kanpotik datozenentzat, baita euskal herritarrentzat ere”, aipatu du Retortillok. Egoera hori aldatzeko, bideari “balioa emateko” eta “naturarekin, historiarekin eta paisaiarekin lotuta duen balorea ezagutarazteko”, Turismo sailak erakusketa ibiltaria antolatu zuela gogoratu du, eta esan du egitasmo haren bide beretik datorrela etzi estreinatuko duten dokumentala. “Gozamenarekin, ezagutzarekin eta naturaren kontserbatzioarekin lotutako turismo eredu baten erakusgarria da”, sailburuarentzat, Inaziotar Bidea.

Herritar guztiak gonbidatu ditu Retortillok bai bidea ezagutzera, bai dokumentalaren aurkezpenera, eta gauza bera egin du Azpeitiko alkateak ere, dokumentalak “irudi ikusgarriak eta ez ohikoak” eskaintzen dituela eta ikusteak “merezi duela” gaineratuta. Eskerrak eman dizkie Etxeberriak dokumentalaren proiektuan partaide izan direnei, baita estreinaldirako “Azpeitia aukeratzeagatik” ere. “Oso garrantzitsua da guretzat, denbora luzea daramagulako apustu hau egiten. Beti esaten dugun bezala, Azpeitia herri industriala da baina dibertsifikaziorako aukera hau ere badauka, turismoaren inguruan aberastasuna sortzekoa”, nabarmendu du alkateak.

23.782 bisitari Etxe Santuan, 86.000 basilikan

Loiolak eta Loiolako Inaziok inguruan ez ezik “nazioartean ere” duten garrantzia azpimarratuta, aurten bertan Loiolako Santutegiak jaso dituen bisitarien kopuruak aipatu ditu Etxartek. Urtarriletik urrira bitartean, 23.782 bisitari zenbatu zituzten Etxe Santuan, “erdiak pasa atzerritarrak”; uztail hasieratik atzo arte, berriz, ia 86.000 bisitari zenbatu dituzte basilikan. Azken hori “beldurtzeko kopurua” dela nabarmendu du jesuiten ordezkariak.

Etxarterentzat, “ezin diogu ihes egiten utzi gure lurra, gure bazterrak eta Loiolako Inazioaren figurak esan nahi duena erakusteko aukerari”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend