Greban daude Zarauzko eta Azpeitiko Kristau Eskoletako hainbat langile

2009az geroztik hitzarmena ez zaiela aldatu salatzen dute Kristau Eskoletako langileek, eta Azpeitiko eta Zarauzko hainbat langilek egin dute bat deialdiarekin.
Donostian egin dute manifestazioa gaur. (Utzitakoa)

Donostian egin dute manifestazioa gaur. (Utzitakoa)

Indarrean dagoen langileen hitzarmena 2009az geroztik ez dela aldatu salatu dute Kristau Eskoletako langileek; ia 10 urte igaro dira hitzarmena aldatu zutenetik. 2011n hitzarmen estatala aplikatu zietela ere azaldu du Zarauzko La Salleko langileen komiteko kide batek, baina epaiketak izan ostean, 2009ko hitzarmenera itzuli zirela. “Soldatetan %12ko galera daukagu, eta lan karga hazi egin da. Gainera, laguntza espezializatua eskaintzen duten langileak prekarizatuta daude”.

Zarauzko La Sallen, 60 langiletik 20k egin dute bat aste honetan deituta zegoen greba deialdiarekin, eta Antoniano ikastetxean, berriz, langile guztien erdiak, gutxi gorabehera. Azpeitin, Iraurgi ikastetxean grebaren jarraipena %55ekoa izan da. Izatez, lau egunetarako greba zegoen deituta, baina Zarauzko langileek bi egunetan egin dute bat; asteartean eta ostiralean Antonianokoek, eta ostegunean eta ostiralean La Sallekoek. Azpeitiko Iraurgin, gaur bakarrik egingo dute greba. Urrian ere egin zuten bat bi ikastetxe hauek Kristau Eskoletan deitutako protestekin, eta Zarauzko La Salleko langileen komiteko kide batek azaldu duenez, guztira, bederatzi izan dira urte osoan izan dituzten greba egunak. Eskualdeko gainontzeko Kristau Eskolek ez dute bat egin greba deialdierakin.

Kristau Eskoletako langileen komunitatea 9.000 irakaslek osatzen dute EAEn, eta 120.000 ikasle dituzte 215 ikastetxeetan. Atzo manifestaziora deituta zeuden, Bilbon, eta Udaltzaingoaren datuen arabera, 5.000 herritar bildu ziren Bilboko kaleetan. Sindikatuen arabera, berriz, greba deialdiak %65eko erantzuna izan du Kristau Eskoletan eta IZEAn; Patronalaren arabera, hirutik langile batek egin du bat greba deialdiarekin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend