Herriko dendak itxiz gero, zer?

Bertan merkatarien elkarteak ‘Nolako Azpeitia nahi duzu?’ kanpaina jarriko du martxan asteburuan, herriko dendetan erostearen garrantzia nabarmentzeko.
Azpeitiko Erdikalea

Azpeitiko Erdikaleko denda ugarik egingo dute bat kanpainarekin. (Ihintza Elustondo)

Egunen batean, Azpeitiko saltokiak itxiko balira, nolakoak izango lirateke herriko kaleak? Galdera horretatik abiatuta, Nolako Azpeitia nahi duzu? kanpaina jarriko du martxan Bertan merkatarien elkarteak, hausnarketa eragin nahian. “Herrian erosteko ohiturak behera egin du azken urteetan, eta horrek ondorio batzuk ekar ditzake urte batzuen buruan. Ondorio horiek iritsi aurretik, herritarrek gogoeta egitea nahi dugu, bide honetatik jarraituz gero, nora irits gaitezkeen ikus dezaten”, azaldu du Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak.

Mezu hori zabaltzeko, plastiko beltzez estaliko dituzte herriko saltokietako erakusleihoak asteburuan: ostiral arratsaldean estaliko dituzte erakusleihoak, eta asteburu osoan horrela mantenduko dituzte. “Egunen batean, herriko denda txikiak desagertuko balira, kaleak zeinen tristeak izango liratekeen irudikatzea nahi dugu”. Plastiko beltzak jarrita izan arren, dendak ohiko ordutegian zabalduko dituzte.

Astelehen goizean, saltokiak zabaltzerakoan, kenduko dituzte plastikoak. Bertanek nabarmendu nahi izan du plastiko horiek zerbaitetarako erabili nahi dituen edozeinek eskuratzeko aukera izango duela. Plastikoak kentzean, bihotz formako globo gorriekin apainduko dituzte erakusleihoak dendariek.

Kontraste horren bidez, mezua hain negatiboa ez izatea nahi du Bertanek. “Kanpaina mezu gozo batekin edo aho zapore onarekin bukatzea nahi dugu. Herritarrei esan nahi diegu oraindik garaiz gaudela eta oraindik dendak nahiz kaleak bizirik daudela”. Jendeari “argitasuna” erakutsi nahi diote, eta Gabonetako argiak ere egun horretan piztuko dituzte, udalak bat egin baitu kanpainarekin.

180 saltoki, bat eginda
Guztira, Azpeitiko 180 saltokik egin dute bat kanpainarekin. Bertanek kanpaina guztiak zabaldu ohi ditu elkartez kanpoko saltokietara, eta oraingoan ere hala egin du. “Baina kasu honetan, Bertani bereziki interesatzen zitzaion elkartetik kanpoko dendek ere parte hartzea kanpainan, haren eragina askoz ere handiagoa izango litzatekeelako”. Aldalurren arabera, dendarien erantzuna “oso ona” izan da.

Herriko saltokien egungo egoera nolakoa den azaldu du teknikariak: “Denda bakoitza mundu bat da, eta batzuen egoerak ez du besteenarekin zerikusirik. Baina, orokorrean, azken urteetan eman diren aldaketak dendarien kalterako izan dira. Batez ere, Internetak izan duen gorakadak egin die kalte denda txikiei. Ziurrenik, oraindik saltoki asko errentagarriak izango dira, baina bide horretatik segituz gero, badirudi pixkanaka dendak ixten joango direla”.

Errealitate horren aurrean, asteburuko ariketak gogoetarako balio dezakeela uste du Aldalurrek. “Askotan, herriko dendetan eta Interneten produktu berdinak eta prezioan alderik gabe eskura ditzakegu. Herrian erosiko bagenitu, herriko ekonomia sustatuko genuke eta kaleak bizirik mantenduko lirateke”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend