Maitane Subijana ‘Puntuka’: ‘Zure lagun’

Gertaera askok ikuskera alda dezakete, nolabaiteko oreka hautsi eta lurrera erortzen zara, ziplo. Norberak bere buruan jarritako zama astunak berea du grabitate indarra. Izan daiteke begirada bat, hitz bat, esaldi bat, liskar bat edo ukitu bat. Eta une horretan hutsune bat antzematen duzu gorputzean, isildu egiten zara, ezin duzu jarraitu, makurtzen zara eta zure gorputzaren itzala sentitu. Grabitate indar horrek intentsitate bereziki handia du garai eta egun batzuetan, eta hala izan daiteke lagun zahar batekin topo egitean, esaterako.  Urte luzeetan elkarren berri izan ez, eta gaur  ezkutaketan jolasten zenuten kale estuan elkartu zarete, plast, bete-betean. Burua altxa du batek, eta “epa” batekin erantzun besteak. Lagunak zarete, edo lagunak zineten lehen bederen.

Orduak pasa izan dituzue elkarrekin, nerabe zinetela sekretuak kontatu izan dizkiozue elkarri, irriak elkarbanatu eta banatu dituzue. Ikastolako etxeko lanak bien artean banatzen zenituzten, batek matematika, eta besteak ingelesa, horrela egin beharrekoen erdia egiten zenuten jolasteko denbora gehiago izateko.

Gogora etorri zaizkizu hainbat oroitzapen, baina segundo gutxian konturatu zara aurrean duzula kidea eta ez duzula ezagutzen. Kortesiazko galdera bota diozula eta bueltan erantzun berbera berak. Arrotz sentitu zara bestearen aurrean, ezezaguna, lotsa ere sentitu duzu neurri batean. Garai batean ordu asko pasa izan dituzue elkarrekin, eta orain Facebookean noizean behin agertzen den argazkiren batean ikusten duzu soilik. Burura etorri zaizu “nor zara?” galdera, “ezagutzen dugu elkar?”, baina hain berea den usaina surur-zuloetako ileetan barrena sartzean denborak soilik konta dezakeen infinituan barreiatu zaizu memoria.

Batzuetan zein marra estua dagoen faltan dituzun pertsonen eta gorroto dituzun lagunen artean. Batzuetan zein zaila den laguntasuna definitzea.

Gurasoei buruz galdegin diezu, dena den, funtsean ez zaizu gehiegi axola, baina elkarrizketa apur bat luzatu nahi duzu. Eta horrela pixkanaka galdera batek beste bat ekarri dizue, pixkanaka gustua hartu diozu. Halako batean, elizako ezkilak jotzearekin bat presa sartu zaio eta bikotekidea zain duela esan dizu, bikotekidea  duela ez zenekien arren. Presaren presaz “egon behar gara” esan diozu eta baietz erantzun berak, nahiz eta jakin badakizun batetik, ziur aski denbora asko pasako dela berriz ikustera, eta bestetik,  “egon behar gara” zerrendako lagun taldea handitzen ari zaizula. Eta bitartean, han geratu zara bakarrik, zure gorputzaren itzalari begira, zure itzalaren laguntasunean.

Batzuetan zein zaila den garai batean laguna zenuenari begietara begiratzea.

Espero ez duzunean jendea agertzen da zure bizitzan, gehienetan ezustean, bestetan ongi ez datorkizunean, eta horiek bihurtzen dira askotan zure lagun.  Bitxia da noiz hasten zaren lehenago zuretzat ezezaguna zen pertsona horri lagun deitzen, nola hasten zareten elkarrekin geroz eta denbora gehiago pasatzen, eta harreman estua bada nola hasten zareten elkarren kezkak konpartitzen. Bitxia eta polita aldi berean. Baina laguntasun horiek ere badute beste aldea, eta tristea da nola desagertzen diren laguntasun asko ia arrastorik utzi gabe,
isilik, denborak eta bizitzak beste bide batera eramango balitu lez. Baina askotan ez zaizu axola, ikastolak berarekin ekarri dizkizun sasoiko lagunak direlako, punturen batean laguntasun hori konpromiso ere bihurtu zaizu. Beste kasu batzuetan poztu egiten zara kideak bere bidea topatu duelako, txikitatik baitzenekien zuen kuadrilla ez zela bere lekua. Noizean behin pena puntu bat ere ematen dizu beste haren berririk ez
izateak eta hori ere gehitzen duzu “egon behar gara” taldera. Baina zuri ere gertatu zaizu, zu ere desagertu zara ia arrastorik utzi gabe. Batzuetan gogo falta izan duzu ez egote horren atzean, eta bestetan denbora falta, horrelakoa zara.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend