Tximistak kanpandorrea jo zuenekoa

Iazko abenduaren 1ean parrokiako kanpandorrea jo zuen tximista batek. Egun berean, bidezorua hondoratu zen Arroako autobiderako sarreran.
ZESTOAKO_PARROKIAKo_KANPAN

Zestoako kanpandorreak zuen itxura tximistak jo eta gero.

Iazko abenduaren 1a. Ostirala zen.  21:30 aldea. Tximista batek Zestoako Andra Mariaren Jasokundearen parrokiako kanpandorrea jo zuen, eta ondorioz, herriko plazara, parrokiaren teilatura eta korura erori ziren harriak. Sakristian zegoen argien koadroak su hartu zuen, eta eliza argirik gabe gelditu zen.

Ikusmina sortu zuen gertaerak; izan ere, tximistak kanpandorrea jotzean danbateko ikaragarria entzun ahal izan zen herri guztian, baita zenbait auzotan ere.

Gertaera haren ondorioa? Bihar urtebete beteko da Zestoako herrigunean elizarik gabe daudela.

Konponketak martxan

Iazko abenduaren erdi aldean hasi zituzten tximistak parrokian sortutako kalteak konpontzeko lanak, baina hasieratik jakinarazi zuten lanek luze joko zutela, eta halaxe izan da. Joan den apirilean esan zuten, gutxienez, parrokia abendura arte itxita izango zela, baina dagoeneko badakite epe hori aise gaindituko dutela; izan ere, Zestoako parrokoak egindako azken aurreikuspenen arabera, maiatzeko Santa Kutz jaien eta uda sasoiaren hasieraren artean irekiko dute parrokia berriro.

Kupula konpontzeko lanekin abuztuan hastea aurreikusten zuten, baina plaza irailaren hasierako amabirjinetako zezenketetarako prestatu behar zutela eta, irailaren bukaeran abiatu zituzten.

Orduz geroztik, elizako kupula eraberritzen ari dira. Horretarako, ezbeharra gertatu zenean osorik gelditu ziren harri gutxi batzuk aprobetxatu egingo dituzte, eta gainera, berriak ekarriko dituzte Lasturreko harrobitik.

Kanpandorreko kupula berritzearekin bukatuko dituzte eliza egokitzeko obrak, baina hilabeteotan beste hainbat lan ere egingo dute:  besteak beste, elektrizitate eta pintaketa lanak, megafoniarenak, txukunketak eta abar gauzatuko dituzte.

Beraz, datozen hilabeteetan ere elizarik gabe jarraituko dute Zestoako herrigunean. Dena den, elizkizunak egin egingo dituzte: ohiko elizkizunak San Juan egoitzako Milagrosaren kaperan egiten jarraituko dute, eta hileta-elizkunak, Arroagoiko parrokian.

Errepidean zuloa

Egun madarikatu samarra izan zen iazko abenduaren 1a Zestoan. Izan ere, elizako kanpandorrea hausteaz gain, zulo ikaragarria egin zen AP-8 autobideak GI-631 errepidearekin bat egiten duen biribilgunean; goizean bidezorua hondoratu zen Larrondo ubidearen parean.

Bidegik larrialdiko ekintzak egin zituen eremua egonkortzeko, eta autobideko 48. irteera eta sarrera erabiltzen zuten ibilgailuentzako ordezko sarbide bat egin zuen. Bidezorua konpontzeko lanak, baina, otsailean hasi zituen Gipuzkoako azpiegituren agen­tziak, eta lanak bukatuta, maiatzaren 30ean zabaldu zuten Arroako autobideko lotune berritua.

Ez ahazteko modukoa izan zen 2017ko abenduaren 1a.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend