Irudietan: Sagarrak banatuz inauguratu dute Ibarbi Sagarraren ibilbidea Errezilen

Errezil Sagarraren Astearen barruan egin dute gaur, larunbata

Jende multzo polita elkartu da gaur Errezilgo goiko plazan, 11:00etan. Errezil Sagarraren Astearen barruan, Ibarbi Sagarraren ibilbidea estreinatu dute gaur. Bertan elkartu direnen artean sagarrak banatuta hasi dute 3,4 kilometroko ibilbide berria.”Natura betean egiten den ibilbidea da, sagastia, basoa, belardiak… Paisaia ederraz gozatzeko aukera eskaintzen du”, adierazi du Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak.

Joxerra Agirre Ibarbi Sagarra taldeko kideak adierazi du, taldearen helburua “sagarra eta herria nolabait lotzea” dela. Ibilbidea hasi aurretik hori posible egin dutenak eskertu ditu: herritarrak, Urkome, Koldobika Jauregi, ibilbidearen komunikazioaz arduratu direnak, Urkome, Errezilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, besteak beste. IƱaki Labaka errezildarra eta egungo Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Orekako zuzendariak ere parte hartu du ibilbidearen inaugurazioan. Labakak eskertu egin ditu ibilbidearen egitasmoa aurrera ateratzeko lan egin dutenak, eta sagarrak aukera asko eskaintzen dituela nabarmendu du; “beraz, aurrera begira produkzioaren kalitateari begira ere lan egin beharra edukiko dugu”, adierazi du.

Inaugurazioko parte hartzaileen artean sagarrak banatu eta ibilbidea egiten hasi dira. Bidean zehar, panelak jarri dituzte, panel horietako bakoitzaren aurrean geldialdia egin dute, eta bertan Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak bertso bana abestu du. Gainera, geldialdi horietako bakoitzean trikitilariak lagun izan dira.

Bihar, igandea, abenduak 2, bukatuko da Errezil Sagarraren Astea Errezil Sagarraren Azokarekin. 10:00etatik 14:00etara izango da azoka, frontoian. Sagar eta sagarkiez osaturiko postuak izango dira. Horrez gain, sagar muztioa nola egiten den ikusteko eta dastatzeko aukera izango da. Bestalde, gaztain erreak, artisauak (otargintza eta eskulanak) eta sagar dultze lehiaketa herrikoia izango dira. Gainera, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa bertan izango da edozein galderari erantzuteko.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend