Enrique Tejedorrentzat izan da Azkoitiko XXIII. San Andres Xake Txapelketa

Alejandro Franco Azpeitiko bizilaguna izan da bigarrena, eta lan bikaina egin du Xabier Aranzabalek (Elkano Getaria), seigarren sailkatuta. 110 xakelari lehiatu dira Elkargunean.

Enrique Tejedor, xake azkarreko Espainiako txapelduna, izan da irabazlea gaur goizean Azkoitiko Elkargunean jokatu den XXIII. San Andres Xake Txapelketan. Tejedorrek nagusitasun osoz lortu du garaipena, jokatu dituen hamar partidak irabazita. Alejandro Franco Azpeitiko bizilaguna eta Nazioarteko Maisua sailkatu da bigarren postuan, eta Imanol Toledo izan da hirugarrena. Aipagarria izan da, bestalde, Elkano Getaria klubeko Xabier Aranzabal gaztearen lan bikaina; seigarren tokian sailkatzea lortu du, nazioarteko rankingetan dauden lehiakideen kontra arituta, berak horrelako rankingik izan gabe.

Guztira, 110 xakelari elkartu dira Azkoitiko Anaitasuna Kakute klubak antolatutako txapelketan; gehienak Euskal Herrikoak ziren, baina Espainiatik etorritakoak ere izan dira tartean, hala nola txapela irabazi duen Tejedor kantabriarra. Taldekako sailkapena ere Kantabriarra joan da, Solvay klubaren eskutik; Abadiño taldea izan da bigarrena, eta Alfil hirugarrena.

Aipatutakoez gain, beste hainbat sari ere banatu dute txapelketan, baita zozketa bidez hainbat opari ere. Antolatzaileak “oso pozik” azaldu dira txapelketak izan duen mailarekin eta sortu duen giroarekin. Gaurkoa ez ezik, Anaitasuna Kakuteko bazkideek txapelketa ondo atera zedin aurreko egunetan egindako lana nabarmendu nahi izan dute zuzendaritzakoek, eta esker oneko hitzak izan dituzte babesle eta laguntzaile guztientzat.

Hemen, gaur goizeko argazki batzuk:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend