Hamaikagarrena, Euskararen Eguna

Euskaraldiaren bederatzigarren egunean, hainbat zumaiarrek Euskaraldiko argazki jendetsua atera dute

Azken txanpan murgilduta dago Euskaraldia. Euskararen Egunarekin emango diote amaiera ariketa sozialari abenduaren 3an, eta Urola Kostan 14.000 herritar baino gehiago izan dira Ahobizi eta Belarriprest egunotan. Astean zehar izan da izena emateko aukera, eta 14.000 parte hartzailetik gora izatera iritsi da Euskaraldia Urola Kostan: Azkoitian 2.096, Zarautzen 4.518, Getarian 466, Orion 1.450, Errezilen 119, Beizaman 30 inguru, Zumaian 1.800, Aian 207, Zestoan 773, Aizarnazabalen 150 eta Azpeitian 2.663.

Eskualdeko herriak Euskaraldian murgilduta dauden honetan, ate joka dator Euskararen Eguna ere, abenduaren 3a. Aurten, bat egingo dute Euskaraldiaren amaierak eta Euskararen Egunak. Horren harira, eskualdeko herrietan hainbat ekitaldi egin eta egingo dira egun hauetan. Esaterako, atzo larunbata, Euskaraldiko argazki jendetsua atera zuten Zumaian, Euskararen Astearen barruan. Argazkia atera ondoren, Beheko Plazarako bidea hartu zuten trikitilariekin, eta bertan Uxue Alberdik idatzitako testu bat irakurri zuen Esti Kortak. Gero, kopla batzuk abestu ondoren, salda eta mokadu bat eman zitzaien bertaratutakoei.

Euskaraldiko argazkia atera zuten atzo, larunbata, Zumaian. (Baleike.eus)

Euskaraldiko argazkia atera zuten atzo, larunbata, Zumaian. (Baleike.eus)

Hamabigarren eguna
Behin eta berriz azpimarratu dute Euskaraldiaren antolatzaileek, ariketa soziala ez dela hamaikagarren egunean amaitzen. Hizkuntza ohiturak aldatzea da ekimenaren helburua, eta horren erakusle izango litzateke hamabigarren egunean ere herritarren arteko lehen hitza euskaraz izatea. Arrazoi horregatik, Zestoan, ez dute Euskaraldiaren amaiera ekitaldirik egingo. “Ulertzen dugu ariketa ez dela hemen amaitzen”, azaldu du Nora Palmitano Zestoako Udaleko Euskara teknikariak.

Zenbait herritarri euskararekin lotutako esperientzia desberdinak izateko beta eman die Euskaraldiak. Orioko bizilagun batek, esaterako, orain arte beti gazteleraz zuzentzen zitzaion oriotar bati Belarriprest txapa ikusi zion paparrean, eta euskaraz hitz egin zion lehen aldiz. “Euskaraldiagatik izango ez balitz, ez nuke jakin ere egingo euskaraz ongi ulertuko zidanik”.

EGITARAUAK HERRIZ HERRI
AIA
– Abenduak 2, igandea. 12:00etan, Kultur Etxean, Barry Manleyren eskutik Txintxo ibili komedia.
– Abenduak 3, astelehena. Euskararen Eguna. Lardizabal Eskolak antolatuta hainbat ekitaldi.

AIZARNAZABAL
– Abenduak 3, astelehena.  Egun osoan zehar, Basakaitz Herri Eskolako ikasleak festan izango dira: jolasak egingo dituzte eskolan, eta kalera aterako dira ondoren, kantujirara, herriko kaleak girotzera.

AZKOITIA
– Abenduak 3, astelehena. Euskararen Eguna. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko ikasleak Herriko plazan elkartuko dira 11:30ean, eta Euskaraldiaren aldeko pankarta jarriko dute udaletxean. Ondoren, irakurraldia egingo dute plazan.
– 18:30ean, Herriko plazan, Euskaraldiaren bukaerako ekitaldia. Euskaraldiaren amaierako manifestua irakurriko dute Azkoitiko hamaikakoa osatzen duten kideetako bik. Bertaratutako Ahobizi eta Belarriprest guztiekin argazkia ere aterako da.

AZPEITIA
– Abenduak 3, astelehena. Euskararen Eguna.
– Herriko ikastetxeetan Euskararen Eguna ospatuko dute hainbat ekitaldirekin: irteerak, jolasak, kantuak, Mari Domingiren etorrera, antzerkia, margoketak…
– 18:30ean, Euskaraldiaren bukaera ekitaldia, Sanagustin Kulturgunean.

BEIZAMA
– Ostiralean gaztaina jana, afaria eta euskal kantuak izan zituzten.

GETARIA
Abenduak 3, astelehena. Euskararen Eguna.
-Alondegian, egun osoan zehar, Getariako eta Euskal Herriko euskararen ezagutza eta erabilera datuak oinarritzat hartuta, hausnartzeko gunea izango da.
-15:15ean, Iturzaeta Herri Eskolakoak plazara jaitsiko dira txistulariekin. Ondoren, bertsoak, abestiak eta dantzak izango dira.

ORIO
-Abenduak 3, astelehena.  Herri Ikastolako eta Zaragueta herri eskolako ikastetxeko maila guztietako ikasleek hainbat ekitaldi egingo dituzte: dantzak, kantuak, antzerkia, mus txapelketa, film proiekzioak…

ZARAUTZ
– Abenduak 1 eta 2. Kirol jardueretan atxikimendu argazkiak, kirolguneetan.
– Abenduak 3, astelehena. Euskaraldiaren amaiera ekitaldia.
– Abenduak 5, asteazkena. Durangoko Azokara irteera.

ZUMAIA
– Abenduak 3, astelehena.Euskararen Eguna.
– Ikastetxeetan LH 4 bitarteko ikasleei egutegiak banatuko zaizkie.
-Euskaraldiaren amaiera.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend