Irudietan: Ehunka lagunek agurtu dute Euskaraldia Azkoitian

11 egun iraun dituen Euskaraldia ariketa soziala amaitu zen atzo, astelehena, eta Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Azkoitian ere agur beroa egin zioten egitasmoari. Euskararen Eguna ospatzeko goizean egin zuten ekitaldian bezala, arratsaldekoan ere ehunka lagun elkartu ziren plazan, eta Aitor Arrutik Euskaraldiaren agurrerako prestatutako manifestua irakurri zuten Azkoitiko Hamaikakoa osatu dutenetako bik. Ondoren, Euskaraldian parte hartu duten ahobizi eta belarriprestek argazki jendetsua atera zuten Goiko Losa frontoian, eta saioa borobiltzeko txokolate beroa edan zuten bertaratutakoek. Azkoitian, guztira 2.116 lagunek parte hartu dute Euskaraldian.

Hona hemen plazan irakurri zuten manifestua:

Euskara zabaldua da jakitez
bizi lurren mugetaraino,
ezagutzaren egun argia, ordea,
erabiltzean ageri da laino,
hamaika egunez bizi eta prest
Euskal Herrian gaurdaino,
gaurgero ere ahoz aho bizi
belarriz prest barruraino,
mintzaira zalu zehatza noranahi,
bihotzetik auskalo noraino,
gure hizkuntza ez dadin izan
bazter hizkera arlote ñaño,
txapa erakustea hobe delako
txapa ematea baino.

Argazkiak, berriz, hemen ikus daitezke:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend