Hamabigarrena da gaur

Euskararen Nazioarteko Eguneko eta Euskaraldiaren bukaerako ekitaldiek bat egin dute eskualdean. Guztietan ariketa sozialean parte hartu duten herritarrak eskertu dituzte, eta garrantzitsuena hamabigarrenetik aurrerakoa dela azpimarratu dute.
DSC_0574

Argazki jendetsua atera zuten Belarriprestek eta Ahobiziek Azkoitian. (Ane Olaizola)

Euskaraldiaren hamaikagarren egunak, bukaerakoak, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen atzo, eta Euskal Herrian egin den ariketa soziala agurtzeko eta 11 egunetan izan dituzten esperientziak partekatzeko asmoz, ekitaldiak egin zituzten han hemenka arratsaldean. Guztietan ariketa sozialean parte hartu duten herritarrak eskertu zituzten, eta garrantzitsuena hamabigarrenetik aurrerakoa dela azpimarratu zuten.

Azpeitian, esaterako, Sanagustin kulturgunean elkartu ziren dozenaka herritar, eta egitasmoak iraun duen 11 eguneko bizipenak kontatu zituzten lau herritarrek. Balorazio positiboa egin eta Euskaraldiak euskararen erabileran eragina izan zuela adierazi zuten denek.

Azkoitian ere ehunka lagunek agurtu zuten Euskaraldia. Aitor Arrutik egitasmoaren agurrerako prestatutako manifestua irakurri zuten Azkoitiko Hamaikakoa osatu dutenetako bik, eta ondoren, Euskaraldian parte hartu duten ahobizi eta belarriprestek argazki jendetsua atera zuten Goiko Losa frontoian. Saioa borobiltzeko, berriz, txokolate beroa edan zuten bertaratutakoek.

Zarautzen, berriz, ekitaldi xume batekin eman zioten amaiera Euskal Herri osoan egin den ariketa sozialari. Udal Elkarteko, herriko ikastetxeetako eta Bombas Iturreko ordezkariek beren esperientziak azaldu zituzten Antoniano aretoan, eta ondoren, publikoko hainbat herritarrek ere hartu zuten hitza. Esperientzia positiboak eta ez horren positiboak azaldu zituzten horiek. Era berean, Maddalen Arzallusek idatzitako Euskaraldiaren Manifestua irakurri zuten Zarautzen zein Azpeitian. Hala adierazi zuten: “Arnas luzeko bidea da hau eta bakoitzaren abiapuntutik aurrerapausoak ematen eta inertziak astintzen jarraitzea da helburua. Ez ahaztu Euskaraldiko egunik garrantzitsuena hamabigarrena dela”.

Euskararen erabilera areagotzeko eta erabilera ohiturak aldatzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arteko ariketa sozialean 16 urtetik gorako 14.000 herritar baino gehiagok parte hartu dute Urola Kostan, Ahobizi edo Belarriprest rolak hartuta eta txapa soinean jantzita.

Ekitaldiz betetako astea

Azken egunetan, euskara aldarrikatzeko eta erabilera bultzatzeko hainbat ekitaldi egin da eskualdean. Esaterako, Beizaman, Euskaraldia aitzaki hartuta, joan den ostiralean gaztaina erreak janez eta euskal kantak abestuz afaria egin zuten Ostatu Zaharrean.

Larunbatean, berriz, Zarautzen eta Zumaian izan ziren ekitaldiak. Zumaian Euskaraldiko argazki jendetsua atera zuten, Euskararen Astearen barruan. Argazkia atera ondoren, Beheko Plazarako bidea hartu zuten trikitilariekin, eta Uxue Alberdik idatzitako testu bat irakurri zuen Esti Kortak. Gero, kopla batzuk abestu ondoren, salda eta mokadu bat eman zitzaien bertaratutakoei. Zarautzen, berriz, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuan ibili zen hainbat lagun kalejiran.

Atzo, Euskara Eguneko ekitaldiak egin zituzten ikastetxeetan eta hainbat udalerritan euskararen aldeko aldarria kalera ere atera zuten. Azkoitian, esaterako, ikastetxeetako ikasleek kalejiran herriko plazara eraman zuten euskararen aldeko aldarria, atzo eguerdian. Han, Javier Zubizarreta alkateak harrera egin zien ikasleei, eta euskaraz hitz egitearen garrantzia azpimarratu zuen: “Euskarak behar gaitu, eta guk euskara behar dugu”. Ondoren, oholtza gainean irakurraldia egin zuten dozenaka lagunek, eta askotariko testuak irakurri zituzten. Aurten, gainera, ikastetxeetan margotutako Ahobizi pegatinak eraman zituzten soinean ikasleek, Euskaraldiarekin bat eginez.

Getariako Alondegian, berriz, euskararen egoeraz eta etorkizunari begirako erronkez hausnartzeko gunea sortu zuten atzo, egun guztian zehar. Era horretan, Euskaraldiari bukaera eman zioten hausnarketak partekatuz.

Segitzetzeko beharra

Zumaiako Euskaraldiko lantaldeak ariketa sozialean parte hartu dutenak ere eskertu ditu, eta parte hartu dutenengan «zerbait aldatuko zela» espero duela esan du: “Balio izan digula gogoeta egiteko, norberaren inguruan zer alda dezakegun neurtu eta urte osoan ohitura berriak sortzeko”. Euskaraldiko galdetegi zehatzei erantzuteaz gain, zumaiarren bizipenak eta hausnarketak jasotzeko helbide bat ere jarri du Euskaraldiko lantaldeak: euskaraldia@zumaia.eus.

Euskaraldiaren gaineko Euskal Herri mailako ikerketa Soziolinguistika Klusterrak egingo du. Batetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko ditu; eta, bestetik, ekimenaren eragina nolakoa eta zenbatekoa den ezagutzea du xedea.

Ikerketan Euskaraldian parte hartu duten norbanako denak hartuko dituzte kontutan. Hala, ariketa sozialean partaide izango direnek galdetegiak jasoko dituzte. Horiek balioko dute ekimenaren arrakasta eta eragina neurtzeko eta sortu diren bizipen eta inpresioak biltzeko.

Hiru izango dira Euskaraldiko partaide izan direnek bete beharreko galdetegiak: lehenengoa izena emandakoan jasotakoa; bestea, orain, ekimena bukatu berritan bidaliko dutena; eta, hirugarrena, Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera igorriko dutena. Azterketa ondo egiteko galdetegiak erantzutea “garrantzitsua” dela adierazi dute Euskaraldikoek.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend