Zestoako umeen danborradako karroza egiteko lehiaketa antolatu du udalak

3.000 euroko diru-laguntza jasoko du irabazleak eta bere kargu utziko dute karroza egitea. Urtarrilaren 7ra arte aurkez daitezke diseinuen maketak.

Lehiaketa bidez aukeratuko dituzte Zestoan datorren urteko Santa Kutz jaietako umeen danborradako karrozaren diseinua eta egilea. Iaz, danborradaren antolakuntza uztea erabaki zuen Ekain guraso elkarteak; aurtengo santakutzetarako, berriz, alokatu egin zuten maiatzaren 3ko danborraradan atera zen karroza. Orain, 18 urteko Zestoako bizilagun guztiek dute 2019ko umeen danborradan aterako den karroza egiteko udalak martxan jarri duen lehiaketan parte hartzeko.

1:10 eskalako maketetan aurkeztu beharko dituzte lehiakideek karrozaren diseinuak. Lehiaketa irabazten duen proiektuaren egileak 3.000 euroko diru-laguntza jasoko du, karroza egiteko materiala eta bestelakoak barne direla. Karroza egitea, karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzea eta haien jantziez-eta arduratzea, edota danborradaren egunean karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortzea, lehiaketaren irabazlearen ardurapean geldituko dira. Aipatutakoez gain, lehiaketaren oinarriek karroza egiteko hainbat irizpide tekniko zehazten dituzte; baldintza zehatzak Zestoako udal bulegoetan edo Kultura teknikariarekin harremanetan jarrita eskura daitezke.

Urtarrilaren 7an bukatuko da lanak lehiaketara aurkezteko epea. Epaimahaia udaleko Kultura Batzordeak osatuko du. “Nolanahi ere, komenigarria irudituz gero, aholkulari gisa pertsona gehiagok parte hartu ahal izango dute”, zehaztu du udalak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend