Azpeitiko Udalak 24,8 milioi euroko aurrekontu orokorra izango du 2019an

Aho batez onartu dute proposamena. Iaz baino lau milioi euro gehiago izango ditu udalak. 2019ko udal hauteskundeak tarteko, aurrekontuak "malguak" izango dira.
Azpeitiko Udalbatza

Azpeitiko Udalbatzak aho batez onartu zituen 2019ko aurrekontuak atzoko osoko bilkuran. (Ihintza Elustondo)

Agintaldi honetako azken aurrekontuak onartu ditu Azpeitiko Udalak, aho batez. Atzo, asteartea, egin zuten ohiko udalbatzarra, eta EAJk bat egin zuen EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin. Hain zuzen ere, 24,8 milioi euroko aurrekontu orokorra izango du udalak datorren urtean; udalaren, Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuen batura da hori. Udalaren berezko aurrekontua, berriz, 19,8 milioi eurokoa izango da. Badute berezitasun bat onartu berri diren aurrekontuek: 2019a hauteskunde urtea izango da, eta hurrengo udalbatzak proposamenak moldatzeko aukera izan dezan, aurrekontu “malguak” izango direla azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.

Azken urteotako datuak alderatuta, Etxeberriak nabarmendu du udalak “salto handia” egin duela: 2015ean, 18,3 milioi euroko sarrerak izan zituen; 2018an, 20,8 milioikoak; eta 2019rako, 24,8 milioko aurrekontua osatu du. Beraz, 2015ean baino 6,5 milioi euro gehiago izango ditu udalak 2019an. Etxeberriaren arabera, etxebizitza proiektuak eragin du sarrera horien igoera.

Udalak nabarmendu du “arlo guztiak indartu” direla, baina Udal Gobernuaren ardatz diren atalek izango dutela “igoera nabarmenena”. Etxebizitza beharrari erantzuteko politikei dagokienez, “urte garrantzitsua” izango da 2019a, Etxeberriaren esanetan. “2019an etxebizitzak eraikiko ditugu, alokairukoak, babes ofizialekoak eta udal sustapenekoak. Horrez gain, alokairurako diru laguntzei eta Bizigune programari ere helduko diegu”.

Gizarte Zerbitzuetan indarra

Datu ekonomikoak “asko hobetu” dira azken urteotan. Alkatearen arabera, horren erakusle da Ogasunean %1,6ko zorpetzea duela udalak. Gainera, langabezia tasa %7-8 inguruan dago Azpeitian, nahiz eta “lanaren kalitateaz hausnartu beharra” dagoen. Dena den, herrian babes soziala beharrezkotzat du udalak. Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuetara bideratutako baliabideak %20 igoko dira, ia bi milioi euroko aurrekontura iritsita. Arlo horretan, orain arteko laguntzak indartu eta zerbitzu berriak jarriko dituzte.

Aurten, 65 urtetik gorako herritarrentzako diru laguntza berri bat sortu dute, pentsio baxua dutenak 1.080 euroko sarreretara irits daitezen, eta “beharra” dagoela iritzita, 200.000 euro jarrita indartuko dute laguntza hori. Arazoak dituzten familiei eta norbanakoei laguntzeko eskuartze zerbitzua ere zabaldu eta indartuko dute; 2019an 100.000 euro bideratuko dituzte horretara, aurten arte baino %30 gehiago. Mendekotasun egoeran aurki daitezkeen petsonei zuzendutako zerbitzu berri bat ere jarriko dute; Gautena elkarteak eta Foru Aldundiak eguneko zentroa, bizitokiak eta bestelako baliabideak egokituko dituzte Loiolako Inazio Hiribidean.

Gainera, bukatzear diren proiektuei errematea emango diete. Besteak beste, Basozabali azken ukituak emango dizkiote, Soreasuko Sormen Gunea udaberri alderako bukatuta izatea aurreikusten dute, igerilekuko energia kontsumoa murrizteko lanak azken txanpan dira eta Urrestillako bidegorriko obrak urtearen hasieran esleituko dituzte. Auzoetan proiektu berriak egitea ere aurreikusi dute.

Horiekin batera, beste hainbat lan ere egingo ditu udalak datorren urtean: Enparan Dorretxeko ataria eta Alde Zaharrerako sarrera berritzea; Garate Anaia auzoa egokitzea; Bustinzuriko Errebala berritzeko prozesua abiatzea; Balentina Agirre plazako parkea berritzea eta Iraurgi Ikastetxean haurrentzako jolas parkea egitea; Etxe Alai, Salbe eta Garmendi auzoetan urbanizazio lanak egitea; eta ohiko baserri bideen konponketak egitea.

Bi partida berri
2019ko aurrekontuetan, bi partida berri ere aurreikusi dituzte. Alde batetik, herriko merkataritza bultzatzeko lerro berri bat jarriko du udalak, 100.000 eurokoa. Bestetik, berriz, landa eremuko lurrak erosteko partida bat jarriko du: “Pinuen gaitza dela eta, mendi edo nekazal lurrak gainbehera datoz, eta pixkanaka mendi lurrak publiko egiten hasteko, 30.000 euroko kopurua jarri dugu”.

Datorren urtean, ziurrenik, udalak hainbat epaiketari ere egin beharko dio aurre, Lapatx zabortegia tarteko: “Epaiketa horiek udalaren ekonomian eraginik izan ez dezaten, badezpadako neurriak hartuta ditugu”.

Azken urteetan bezala, 2019ko aurrekontuak ere Denon Artean parte hartze prozesu bidez osatu ditu erakundeak. Modu horretan, herritarrek, eragileek nahiz udaleko arduradun tekniko eta politikoek ekarpenak egiteko aukera izan dute.

2019ko aurrekontuak

Udalaren aurrekontu orokorra:  24.883.592,23 euro.
Udalaren aurrekontu propioa: 19.808.525,23 euro.
Euskara Patronatua: 621.901,20 euro.
Udal Kirol Patronatua: 1.406.023,93 euro.
-Azpeitia Berritzen S.A: 4.002.467 euro.

Kopuruak, sailez sail

-Ogasuna eta kontuak: 478.960,43 euro (iaz 465.964,27 euro).
-Hirigintza eta ingurumena: 2.438.187,13 euro (iaz 2.733.621,24 euro).
-Hezkuntza eta euskara: 532.400 euro (iaz 911.669,55 euro).
-Kultura eta gazteria: 898.400 euro (iaz 867.500 euro).
-Kirola: 901.923,93 euro (iaz 900.474,56 euro).
-Gizarte zerbitzuak: 1.926.000 euro (iaz 1.779.700 euro).
-Langileria eta antolakuntza: 5.769.312,12 euro (iaz 5.501.150,14 euro).
-Festak: 531.000 euro (iaz 559.000).
-Zerbitzu orokorrak: 3.743.835.96 euro (iaz 3.609.624,96).
-Alkatetza: 436.000 euro (iaz 226.000 euro).
-Ekonomia, enplegua eta formazioa: 1.081.754,46 euro (iaz 1.339.479,74 euro).
-Parekidetasuna: 172.000 euro (iaz 152.000.000 euro).
-Baserriak: 351.000 euro (iaz 246.000 euro).

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend