«Harremanetan, gehienetan, komunikazio falta da arazoa»

Irailetik hasita, Donostiako Daiteke gizarte aholkularitzak eskaintzen du sexu aholkularitza zerbitzua Zumaiako Brankan. Abenduaren 20an izango da hurrengo saioa.

20181129_184154_tokikom_735x413

Yoana Azpitarte aholkusexeko arduradunarekin, eta Lidia Hernandez Daitekeko hezkidetzako arduradunarekin hitz egin dugu sexu aholkularitza zerbitzuaz.

Zer eskaintzen du sexu aholkularitza zerbitzuak?

Yoana: Aholkusexen lantzen duguna da sexualitatearen, erotikaren eta harremanen inguruan sor daitezkeen interesak, zailtasunak, zalantzak eta kezkak. Doako zerbitzu bat da, konfidentziala, eta pertsona guztientzat dago zuzenduta. Hau da, gazteek, helduek eta adinekoek ahal dute etorri.

Zein dira lantzen diren gaiak?

Yoana: Identitatea, orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, komunikazioa, ligatzea, intimitatea, zeloak, sexu grina, zailtasun sexualak… Aholkusex zerbitzua hileko laugarren ostegunetan izaten dugu Zumaiako Brankan, 18:00etatik 20:00etara. Arreta hiru modalitatetan izan daiteke: emailez, telefonoz eta baita aurrez aurre, noski. Zerbitzua malgua da.

Saioak indibidualak izan ohi dira?

Yoana: Bakarka ahal dute etorri, baina baita bikoteka ere. Gaztetxoetan adibidez ikusi dugu taldeka etortzeko ohitura ere badutela.

Zuen esperientziari erreparatuz, zein dira zerbitzu honetara etortzen diren pertsonen ohiko galderak?

Yoana: Gazteek normalean, hasierako harremanen inguruko zalantzak izaten dituzte. Masturbazioaren eta pilularen inguruko zalantzak izaten dituzte, kondoia nola jartzen den ere galdetzen dute… Helduek, berriz, sexu harremanak edukitzerakoan izaten dituzten arazoak kontatzen dituzte. Gizonen kasuan erekzio falta, emakumeek, berriz, sexu grinaren beherakada… Gehienetan komunikazio falta izaten da arazo nagusia.

Sexuak gai tabua izaten jarraitzen du?

Lidia: Kontraesan asko daude sexuaren inguruan. Alde batetik ematen du oso aurreratuak gaudela gaian, baina gero ez da horrela. Gaur egun haur eta nerabeak oso gizarte sexualean bizi dira, baina sexuaren inguruan galdetzen bazaie, beldur asko dituzte eta desinformazio handia dute.

Non dago irtenbidea?

Lidia: Ni benetan baikorra naiz. Gaur egungo gazte batzuek diskurtso landuak dituzte esaterako feminismoaren inguruan. Internetik gauza txarrak ditu, baina onak ere bai eta informazioa badago. Herrietan talde feministak daude, emakumeen etxeak, sexu aholkularitzak… Gure garaian ez zegoen horrelakorik. Orain, baliabideak daude eta horiek aprobetxatzen dituzten jendea dago.

Zein da sexu aholkularitzaren helburua?

Yoana: Gure asmoa da ideia eta kontzeptuak lantzea. Sexuaren inguruko informazioa jasota, norbanakoak bere burua hobeto ezagutu eta ulertzeko gai izango da. Azkenean heziketan dago oinarria.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend