Oihana Orbegozo: “Hotz samar hasi nintzen lehian, baina gero eta hobeto moldatu naiz”

Oihana Orbegozo. (Julene Frantzesena)

Oihana Orbegozo. (Julene Frantzesena)

Lau eta erdiko eskuz banakako Emakume Master Cup txapelketaren finalera iritsi da Oihana Orbegozo (Azpeitia, 1985) pilotaria. Igandean jokatuko du finala Amaia Aldairen aurka, Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

Zer moduz zaude finalaren atarian?

Etorriko da etorri behar duena. Nahiko lasai nago, momentuz, baina pentsatzen dut eguna gerturatu ahala edo kantxara sartzen naizenean urdurituko naizela. Saiatuko naiz lasai egoten.

Nolako partida izango dela aurreikusten duzu?

Gogorra. Neska indartsua da [Aldai], bizi ibiltzen da, eta…

Zer indargune ditu? Eta zer ahulgune?

Oso bizi ematen dio pilotari, eta erraz mugitzen da kantxan. Ahulgunea… Ez dakit, baina ea pixka bat bere onetik aterarazten dudan.

Etxetik gertu jokatuko duzu finala. Aldea al da?

Igandean ikusiko dugu, baina lagunak eta familiakoak joango dira ikustera… Gustura hartuko dut norbait animatzera joatea.

Txapela janzten baduzu, nori eskainiko diozu?

Ez dut pentsatu horrekin. Irabazten badut, ikusiko dut.

Osatu duzun txapelketaz zer balorazio egiten duzu?

Hotz samar hasi nintzen lehian, baina gero eta hobeto moldatu naiz. Dena den, ikusi egin beharko da azken egunean zer ateratzen den.

Iaz ere parte hartu zenuen Emakume Master Cupen.

Bai, lehen aldiz iaz aritu nintzen lehian. Finalerdietara iritsi nintzen, baina Maite Iriarteren aurka ezin izan nuen irabazi; finalera Iriarte iritsi zen.

Aurten finalera sailkatu zara. Hobeto moldatu al zara?

Bai, hobeto ibili naiz aurten. Iaz hasi berria nintzen, urte pila bat geldirik egonda nengoen, eta alde horretatik, aurten hobeto nagoela uste dut.

Txapelketan ere mailak gora egin al du?

Bai. Amaia [Aldai], adibidez, ez genuen ezagutzen lehengo urtean. Aurten parte hartu du lehen aldiz, eta finalera iritsi da. Maila oneko jendea ari da animatzen, eta txapelketaren maila goraka doa.

Txapelketa hasi zenean, espero al zenuen finalera iristea?

Ez, ez. Iaz finalerdietara iristea ja sorpresa handia izan zen. Txapelketan aurrera nijoala ikusten nuen, baina ez nuen espero finalera sartzerik.

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna?

Txikitan, futbolean eta pilotan ibiltzen nintzen eskolan. Asko gustatzen zitzaidan. Dena den 14-15 urte nituenetik ez nintzen jendaurrean pilotan aritu.

Emakumeen pilota zer egoeratan dago?

Indarra hartzen ari da, iIkusgarritasuna eman zaiolako. Neskak ari dira animatzen pixkanaka, eta ea horrela segida ematerik daukagun.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend