Orioko eta Zarauzko zenbait liburu dendak ere bat egin dute Bonokultura kanpainarekin

Gaur eman diote hasiera kultur produktuak eskuratzeko bonoen kanpainari. Urtarrilaren 15era bitartean, zenbait liburu, disko eta DVD merkeago erosi ahal izateko bonoak izango dira Gipuzkoako 64 saltokitan.

1534351691_997591_1534352892_noticia_normal

Gaur, abenduak 5, Bonokultura kanpaina abiatu dute Gipuzkoako 64 liburu dendatan. Helburua “herritarrei kultur ondasunak eta produktuak eskuratzen laguntzea” da, eta baita “kultur sektoreko enpresak indartzea” ere, “merkataritza eta banaketa sarea indartu eta babestuz”, Denis Itxaso Kultura diputatuaren esanetan. Dinamika honen bidez, kultur produktuak merkeago erosteko bonoak eskainiko dituzte zenbait saltokitan.

Urtarrilaren 15era arte iraungo du kanpainak, eta erositako leku berean erabili beharko dira bonoak. Euskarazko kultur produktuen bonoek 12 euroko hobaria izango dute gehienez, 20 euro baino gehiagoko erosketa egitean. Bestelako hizkuntzetako produktuei dagokienez, gehienez 8 eurokoa izango da hobaria, 20 euro baino gehiagoko erosketetan.

Guztira, 8.854 bono eskainiko dituzte, liburuak, diskoak eta DVDak merkeago erosteko. Horietatik 3.542 euskarazko produktuak eskuratzeko izango dira, eta 5.312 beste hizkuntzetako produktuak erosteko. Gipuzkoako Kultura sailak 85.000 euro jarri ditu zerbitzu hau eskaintzeko.

Gipuzkoa osoko 25 udalerritako 64 liburu dendak egin dute bat kanpainarekin. Urola Kostako hiru saltokitan ere izango da bonoak eskuratzeko aukera; Zarauzko bi liburu dendatan eta Orioko Ontzan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend