Urrezko Aizkolari eta Gabonetako Harri-jasotze kopek hitzorduak dituzte bihar Azkoitian eta igandean Aizarnazabalen

Aizkoran, Otañok eta Txikia IV.ak azken kanporaketa jokatuko dute biharkoan, Gurean. Larrañaga azpeitiarra finalerako sailkatu zen igandean, eta Arria V.ak bigarren finalaurrekoa jokatuko du Aizarnazabalen. Harri-jasotzen, Peñagarikanok etxean jokatuko du finalaurrekoa igandean.
DSC_7373

Txikia IV.a eta Otaño, igandean Landetan egin zuten erakustaldian. Bihar lehia izango dute, Azkoitian. (Mailo Oiarzabal)

Urrezko Aizkolari Koparen bi lehia izango dira datozen egunetan eskualdean, eta eskualdeko aizkolariak protagonista izango dira bietan.

Bihar, Azkoitiko Gurea pilotalekuan, txapelketaren kanporaketa faseko azken saioa jokatuko dute Eneko Otaño beizamarrak eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, 12:00etan hasita. Horko irabazleak koparen hirugarren finalaurrekoan Iñaki Azurmendiren kontra aritzeko txartela eskuratuko du; abenduaren 16an izango da finalaurreko hori, Otxandion (Bizkaia). Igandean, berriz, bigarren finalaurrekoa izango dute jokoan Jon Rekondok eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak; Aizarnazabalen dute hitzordua, 12:00etan. Kanporaketa fasean Jon Irazu mendean hartuta sailkatu zen finalaurrerako Arria V.a.

Finalaurrekoetan zuzenean tokia egina zuten hiru kirolarietako bat da Mikel Larrañaga, Azurmendi eta Rekondo bezalaxe, eta Urtezahar egunez Asteasun jokatuko den finalerako aurreneko txartelaren jabea ere bada azpeitiarra. Larrañagak joan den igandean jokatu zuen txapelketaren lehen finalaurrekoa, Usurbilgo Saizar sagardotegian, eta aise gainditu zuen Joseba Otaegi. Iaz jokatu zuen lehen aldiz Urrezko Aizkolari Koparen finala Larrañagak eta berak jantzi zuen txapela; beraz, bigarrenaren bila aterako da datorren abenduaren 31n.

Gabonetako Harri-jasotze Kopa

Urrezko Aizkolari Koparekin batera ari dira jokatzen Gabonetako Harri-jasotze Kopa, eta hor ere ez dira falta eskualdeko ordezkariak. Bihar, Azkoitiko saioan, Inhar Urruzunok eta Jon Gisasola Zelai IV.ak jokatuko dute aurreneko finalaurrekoa.

Bigarrena, berriz, igandean izango da Aizarnazabalen, eta Xabier Peñagarikaño Peña etxeko harri-jasotzaileak Imanol Albizu Goikoetxerekin neurtuko ditu indarrak, finalaren bila. Otxandion jokatuko den azken finalaurrekoan, berriz, eskualdeko bi kirolari ariko dira nor baino nor: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend