‘Ama Lur’ dokumentalaren emanaldia antolatu du Munoandik datorren asteazkenerako

Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatu du elkarteak saioa, eta Soreasu antzokian izango da, 19:00etan hasita. Filma ikusi aurretik, baina, lanaz hainbat azalpen emango du Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Kontserbazio zuzendariak.

1362138225_464098_1362146795_noticia_normal_content

Ama Lur filmaren emanaldia antolatu du Munoandi elkarteak datorren asteazkenerako, abenduaren 12rako. Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatu du elkarteak saioa, eta Soreasu antzokian izango da, 19:00etan hasita. Filma ikusi aurretik, baina, lanaz hainbat azalpen emango du Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Kontserbazio zuzendariak.

Euskadiko Filmategiak azaldu duenez, Euskal Herriari egindako “kantu” bat da Ama Lur dokumentala, bere lurren eta gizakien inguruko ikuspuntua azaltzen duelako. Ikus-entzunezko lana Nestor Basterretxea eskultoreak eta Fernando Larruquert zinema zuzendariak idatzi eta gidatu zuten. Lana 1968an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Francoren diktadurak ezarritako hainbat traba eta iragazki gaindituta. Munoandik azaldu duenez, Euskal Herriko antzinako ohiturak, kondairak, errituak eta tradizioak modu “erromantikoan eta epikoan” jasota daude ikus-entzunezkoan: “Filma herritar asko eta askoren ekarpenei esker egin ahal izan zen. Diktaduran zehar euskaraz erakutsi zen lehen ikus-entzunezkoa da, eta ikurrina bat ere ikus daiteke hamabi segundoko sekuentzia batean”. Euskal Filmategiaren arabera, zinemaren “erreferente” bihurtu zen Ama Lur, eta hainbat urtez hala izaten jarraitu zuen: “Denborarekin, baina, galdu egin du erreferentzialtasuna, nahiz eta horrek ez dion kentzen gizartean izan zuen garrantzia”.

Zikloaren bukaera

Ikus-entzunezko proiekzioarekin bukatuko ditu Munoandik 2018rako antolatutako egitasmoak. Hain zuzen ere, aurten askotariko gaiei lotutako solasaldi antolatu ditu elkarteak, hala nola Pedro Luis Uriarterena, Mikel Reparazena, Jon Sarasuarena, Ane Irazabalena eta Jon Artanorena. Gainera, Xabier Arzallusi buruzko Euskadiko historia politikoa dokumentalaren emanaldia ere antolatu zuen elkarteak. Munoandik datorren urtean ere ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu du, eta eskerrak eman dizkie aurtengo saioetara bertaratu diren herritarrei.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend