Zestoako bainuetxearen historia eta hango zuhaitzak ardatz hartuta, liburua kaleratu dute

Dionisio Laurobak ‘Zestoako bainuetxea. Zestoako ur miraritsuak’ liburua kaleratu du. Liburuak ekarpen berezia egiten duela azpimarratu du idazleak. Hamar eurotan eros daiteke lana.
Dionisio Lauroba, liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

Dionisio Lauroba, liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

“Betidanik” gustatu izan zaizkio landareak eta ingurugiroari lotutako gaiak Dionisio Lauroba Zestoako bizilagunari (Aguilar del Rio Alhama, Errioxa, Espainia), eta lorezain lanetan ere ibilitakoa da hainbat urtetan. Zaletasun horrek bultzatuta, mendea beteta duten Zestoako bainuetxeko zuhaitzak aztertzen hasi zen, baina lanketa horrek bestelako norabidea hartu, eta bainuetxeari buruzko lana argitaratu du azkenean: Zestoako bainuetxea. Zestoako ur miraritsuak. Hala azaldu ditu Laurobak liburuaren hastapenak: “Sekulako zuhaitzak daude bainuetxean, eta horien inguruko informazioa bilatzen hasi nintzen. Leku batera eta bestera joanagatik, ez nuen zuhaitzen inguruko ia daturik aurkitzen; bai, ordea, bainuetxeari buruzkoak. Bat-batean, bainuetxearen inguruko material ugari pilatu nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan hori guztia jendeari ezagutaraztea”.

Bide horretan alabaren laguntza izan zuen Laurobak, eta azken urteetako lanketaren ondoren, joan zen astean aurkeztu zuen liburua Zestoako Portale kultur elkartean. Herriko ur termalen zein bainuetxearen errepasoa egin du idazleak liburuan, eta XVIII. mendetik XX. mendera arteko tartea landu du. Izan ere, 1804an zabaldu zuten Zestoako Bainuetxea, baina lehenagokoak dira hango urei buruzko datuak. “Donemiliagako markesaren zakurra hazteria jota zegoen, eta animalia ur putzura sartu eta egun batzuetara, sendatu egin zen. Horrek izugarrizko oihartzuna izan zuen, eta asko Zestoako urekin interesatzen hasi zen”.

Ahoz transmititu den historiaren arabera, 1760ko gertaera hura izan zen ondorengo historiaren abiapuntua. Hain zuzen ere, bainuetxearen sorreraren, historian zehar izan dituen nagusien edota azpiegituraren bilakaeraren informazio zehatzaz osatu du liburua. Ur termalen fenomenoak, oro har, XIX. mendean bereganatu zuen osperik handiena. Garai oparoenetan, Euskal Herritik eta atzerriko herrialde ugaritatik joaten ziren bisitariak Zestoako urez gozatzera, eta XX. mendearen hasieran, hango ura botilatzen eta merkaturatzen ere hasi ziren: “Urtero, 200 botila baino gehiago saltzen zituzten hemen eta nazioartean”. Ondoren, ordea, bainuetxeen gainbehera etorri zen, beste turismo mota batzuk gailentzen hasi zirelako. “1930. urtera arte, ur osasungarriek beren balioa izan zuten, hala nola beste sendagairik ez zegoelako. Baina Belle Epoque garaian, hondartzara joateko joera hasi zen, eta orduan hasi ziren bainuetxeak desagertzen”.

Gipuzkoan, zabalik geratzen den bainuetxe bakarra da Zestoakoa. Asko idatzi da hari buruz, eta horren jakitun da Lauroba. Hark azpimarratu du, ordea, bere liburuak ekarpen berezia egiten duela, orain arte jorratu ez diren hainbat kontu jaso duelako. Besteak beste, Catalina Zubizarretaren istorioa plazaratu du: bainuetxeko maizterra izan zen Zubizarreta, eta 15 urtez eraikina alokatuta izan zuen. “Garai hartan, San Millango markesa zen haren jabea, eta Zubizarreta ez zegoen ados orduko funtzionamenduarekin. Izan ere, uste zuen oso garestiak zirela hango prezioak, eta, beraz, klase apalenek ezin izango zutela urez gozatu. 1825ean, Zubizarretak bainuetxea utzi eta ostatu bat ireki zuen haren aurrean. Hango bezeroek logelak alokatu eta sukaldea erabiltzeko aukera zuten. Markesak, ordea, bezero horiek urak hartu nahi bazituzten, bainuetxekoek baino hiru aldiz gehiago ordaindu behar zutela esan zuen. Auzibidean egon zen afera, eta azkenean Zubizarretari eman zioten arrazoia. Epai horren ondorioz, pertsona guztiek izan zuten zerbitzua jasotzeko aukera, ordura arte ez bezala”. Emakume horren lana goraipatu nahi du Laurobak liburuarekin, “erregimen zaharrari” aurre egiteko gai izan zelako. Horrez gain, bainuetxeko lorategian mendea beteta dituzten zuhaitzen informazioa ere bildu du idazleak, eta hori ere “berria” dela azpimarratu du.

Liburua argitaratzearen helburuetako bat izan da turismoa erakartzea, eta, horregatik, ehun ale euskaraz eta 400 gaztelaniaz kaleratu ditu. “Izan ere, bainuetxeak betidanik izan du ospea herrian nahiz kanpoan”. Dena den, gaur egungo egoerari ere erreparatu dio idazleak, eta adierazi du herriak bainuetxearekin zuen harremana galdu egin dela. “Lehen herriaren motorra zen, eta, orain, gero eta okerrago dago”, gaineratu du. Hori hala, herritarren kontzientzian eragin nahi izan du, eta horiei bainuetxea berreskuratzeko “zerbait egin beharra” dagoela adierazi die.

Dirua, Perurekin elkartera

Liburuaren sortze prozesuan bidelagun izan zuen alaba duela bi urte hil zen, eta orain, liburua eskuetan duela, Laurobak alaba zena omendu nahi du. Perurekin elkartearen sortzailea izan zen hura, eta horregatik, liburuaren irabazi guztiak elkarte horretara bideratuko ditu. Hamar euroren truke eskuratu daiteke liburua, Zestoako Turismo Bulegoan, Danbolin herri aldizkariaren bulegoan eta Koiote eta Portale tabernetan.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend