Ezkurrak, gizakion oinarrizko jaki

‘Ezkurrak basotik ahora’ ekimena antolatu dute biharko San Prudentzioko Lagunek. Inguruko landarediari balioa emateaz gain, ezkurrekin errezetak egiten ikasiko dute auzotarrek.
WhatsApp Image 2018-12-05 at 15.37.48

San Prudentzio auzoko ermitan, ekitaldi batean jendea bilduta. (Argazkia: San Prudentzioko Lagunak)

Ekitaldi berezia antolatu dute biharko San Prudentzioko auzo elkarteko kideek. Ezkurra basotik ahora lelo hartuta, goiz osoko egitaraua antolatu dute Goiaberen eta Basaberen lankidetzarekin. Besteak beste, inguruko landaredia ezagutu eta ezkurrekin oinarrizko elikagaiak prestatzen ikasiko dute.

10:00etan jarri dute hitzordua auzoko plazan. Handik Dojumaso basorako bidea hartuko dute, eta ibilbidean zehar, bertako landareak eta ezkurrak ezagutzeko aukera izango dute. Cesar Lemak gidatuko du ibilaldia. Biologoa da Lema, eta nekazaritza biologikoan espezializatua da. Baliabide basatien inguruan egin du lan azken urteotan.

Basare baserrian geldialdia egingo dute, era horretan, inguruko basalandareen balioaz jabetzeko. Basalandareekin egindako elikagai gozagarriak, kremak, xaboiak eta kosmetikoak ekoizten dituzte gaur egun Basaren, eta produktu horien inguruko azalpenak emango dituzte bertan.

Behin ibilbide gidatua bukatutakoan, 12:00 aldera, biologoak Manual de Cocina Bellotera para la era Postpetrolera izenburuko liburuaren argitalpen berritua aurkeztuko du San Prudentzio auzoko ermitan. Liburu horretan zientzia, esperientzia eta kultura herrikoia ezkurrarekin uztartzen ditu Lemak.

Gaur egun ezkurrak animalien elikagai bilakatu diren arren, mendeetan zehar gizakien oinarrizko jakia izan dela ekarriko du gogora. Errezeta ezberdinen bitartez, ogia, txokolatea, flana eta gailetak egiten irakasten du Lemak ondutako liburuak.

Xaixia, goiza biribiltzeko
Aurkezpena amaitu ondoren, usadio zaharrari jarraituz, mokadutxoa edo xaixia izango dute auzoan. Ezkurrekin egindako ogia eta kafea dastatzeko aukera izango da bertan. Horretaz gain, danbolinan erretako gaztainak ere egingo dituzte. Anakronikus musika taldeak alaituko du auzoa, erdi aroko doinuekin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend