Joxe Apalantza: “Jende askok konparatzen nau Kilian Jornetekin”

ETB1eko ‘Gailurra XTreme 3EM’ saioa irabazi berri du Joxe Apalantzak. Denbora luzez lehiak alde batera utzita egon ostean, sasoiko dagoela erakutsi du errezildarrak. "Olinpiadak irabazita bezala" sentitzen da
Joxe Apalantza. (EiTB)

Joxe Apalantza. (EiTB)

Joan den azaroaren 27an aita izan zen Joxe Apalantza (Errezil, 1965), eta aste berean, ETB1eko Gailurra XTreme 3EM saioaren finala eman zuten telebistan; bera izan da aurtengo irabazlea. Nolanahi ere, «aste borobila» izan zen hura errezildarrarentzat. Huescan (Espainia) oilagorrak ehizatzera joanda dela erantzun ditu elkarrizketa honen galderak.

ETB1eko Gailurra XTreme 3EM saioa irabazi berri duzu. Espero al zenuen?

Egia esan, ez. Hara joaterako entrenamendu gogor batzuk egin nituen: besteak beste, 48 kilometroko ibilaldi neurtu bat egin nuen, Albizturtik abiatuta. Nik beti izan dut lehia buruan, ez dakit suabe ibiltzen, eta sekulako jipoia hartu nuen. Ia astebete pasatu nuen ezin ibilita eta atseden hartzen; ezin nuen errekuperatu. Banekien programan hamabi etapa egin beharko nituela, 40 kilometro ingurukoak, eta pentsatzen nuen: “Nola egingo ditut ba nik egunero 40 kilometro?”. Baina egunak pasatu ahala, gero eta hobeto sentitzen nintzen. Eta horrelaxe, pixkanaka, proba irabaztea lortu nuen. Kirolari batentzat lorpenik handiena Olinpiar Jokoak irabaztea da, eta ni horiek irabazita bezala sentitzen naiz. Jende gaztea joan zen programara, eta horiei 52 urterekin aurrea hartzea… Finala irabaztea niretzat ikaragarria izan da.

Duzun adinarekin, uste baino hobeto zaude, beraz.

Bai, egia esan, gustura gelditu naiz. Horrenbeste urte lehiak utzita egonda, erritmoa galduta nuen, eta denbora gutxian, dezenteko hobekuntza izan dut.

Programa horren bidez itzuli zara berriz lehiara?

Lehiatze kontua-eta utzita egon arren, beti gustatu izan zait pixka bat ibiltzea. Mendia asko gustatzen zait, eta han ibiltzen naiz, txakurrak paseatzeko aitzakian. Egun batean, Gailurra XTreme 3EM saiokoek programan parte hartzera gonbidatu ninduten, eta serio jarri nintzen: pixka bat entrenatu, dieta egin… Kiloak botatzen nahikoa lan neukan, eta bi hilabetean hamabost kilo jaitsi nintzen. Garai batean oso gutxi pisatzen nuen, 58-60 kilo inguru, eta programakoek deitu zidatenean, 83 kilo nintzen. Jaitsi egin behar, eta hortxe ibili nintzen, sufritzen!

Maiatzetik ekainera bitartean grabatu zenuten saioa. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Hiru Erregeen Mahaira iritsi arte, hamabi etapa egin genituen. Zortzigarren egunetik bederatzigarrenera atseden eguna izan zen, baina, bestela, egunero lehiatzen ginen. Gainera, oso eguraldi txarra egin zuen; egunero euria, elurra… egiten zuen. Oso-oso gogorra izan da, ez nuen pentsatzen hainbesterainokoa izango zenik. Elurretan behin ere ibili gabe nengoen, eta beldur handia sentitzen nuen. Azkarrena denak soilik ez du irabazten lehia, Tourreko etapetan bezala, egunero egon behar duzu ehuneko ehunean.

Lehia estua izan zen finalean: igoerako azken metroetan hartu zenion aurrea Ion Larrañaga zumaiarrari, eta bi segundoko aldeagatik irabazi zenion. Nola oroitzen duzu une hura?

Justu-justu irabazi nuen. Aurreko egunetan, brometan, zera esaten nien finalistei: «Aitonari utzi beharko diozue irabazten!». Eta inork ez zuen uzteko konturik aipatzen. Normala da; izan ere, denoi gustatzen zaigu irabaztea. Finalaren unea iritsi zenean, sekulako beldurra nuen: aurrez ez nuen pentsatzen finalera iritsiko nintzenik, eta ez nintzen joan Hiru Erregeen Mahaira, beraz, ez nuen ezagutzen harako bidea. Larrañaga izanda zegoen, ordea, eta nire taktika  hari segitzea izan zen. Eta bukaeran nahikoa lan izan nuen; polainak tarteko, 45 segundo galdu bainituen. Baina berriro harrapatu nuen, eta azkenean, esprintean bukatu genuen.

Larrañagak pena handia sentitu du lehia horrela galdu zuelako. Zer esan zenion finala amaitu zenean?

Normala da pena sentitzea. Hark ere garaipena eskuetan ikusiko zuen, eta horrelako abantailarekin joan eta esprintean galtzea… Malko batzuk ere atera zitzaizkion, eta nik esan nion, bi segundokoa ez dela diferentzia eta biok ginela txapeldun.

Zer moduzko lehiakidea izan da?

Oso ona. Oso jatorra da, eta oso ondo moldatzen ginen. Zazpi etapa elkarrekin egin genituen, eta lagun handiak egin ginen. Nik Azpeiti aldean-eta lagun asko dauzkat; lehen taldekideak ginen, eta elkarrekin entrenatzen genuen, baina lehiatzerakoan, haserrerik gabe, ahal genuena egiten genuen. Eta Larrañagarekin ere gauza bera gertatu zait; hark irabazi egin nahi zuen eta nik ere bai. Biok ahal genuena egin genuen, eta irabazten zuenari eskua eman, eta kito.

Zure bikotekidea eta anaia izan ziren finalean. Ilusio berezia egin al zizun horrek?

Bai. Guk ez genekien familiakoak joango zirela, eta anoa puntuan ikusi nituenean, sorpresa handia hartu nuen. Beraiek animatzeak indar handiagoa eman zidan. Sekula ahaztuko ez dudan eguna izan zen hura.

Norbaiti eskaini al diozu garaipena?

Egia esan, ez. Inori ez diot garaipena eskaini, orain arte ez baitzidan horri buruz inork galdetu. Baina nire inguruko jendeari, familiari, eta batez ere, anaiari eskainiko nioke, gaixo dago eta.

Zegama-Aizkorri mendi lasterketan parte hartzeko dortsala eta 3.000 euro jaso dituzu saioa irabazteagatik. Inoiz egin al duzu Zegama-Aizkorri proba?

Beti izan dut horretarako gogoa, baina ez dut sekula egin. Aurten dortsala badaukat, eta orain ehizean disfrutatu, eta ezeren okerrik ez bada, datorren urtean egiteko asmoa dut. Gure garaian, mendian oso ondo ibiltzen nintzen, eta errekor batzuk badauzkat; beti izan dut mendian ibiltzeko erraztasuna. Jende askok konparatzen nau Kilian Jornetekin. Txetxuk [Urbieta] esaten omen du, garai berean tokatu izan bagina, Kilian zapalduta utziko nukeela. Beti eduki dut kuriositatea haren ondoan zenbateraino iritsiko ote nintzatekeen jakiteko.

Eta irabazitako dirua zertan gastatu pentsatu al duzu?

Ja gastatuta dago [barreak]. Batetik, Ogasunak 600 euro kendu zizkidan. Bestetik, programan izan ginenok sagardotegian bazkari bat egin genuen, eta geroztik, nire herriko elkartean ere egin ditugu bazkari edo afariak. Otordu horiek neronek ordaindu nituen.

Aurrez beste reality showren batean parte hartutakoa al zara?

Ez. Gailurra XTreme 3EM programaren lehen edizioa izan zenean, telebistan ikusten nuen, eta asko gustatzen zitzaidan. Emazteari beti esaten nion neroni ere gustura aterako nintzatekeela saioan. Eta gero, nahi gabe, gonbidatu egin ninduten. Garai batean, nire ustez, lan politak egindakoa naiz, eta ez nuen nahi telebista saio batera joan eta barregarri gelditzea. Kontua da proposamenak niri baino ilusio handiagoa egin ziola emazteari: “Joan egin behar duzu!”, esan zidan. Anaiak, berriz, sekulako errieta egin zidan: “Hi kaskatuta hago, bihotzekoren bat emateko ere!”. Esperientzia gogorra izan zen, baina lagunarte ederra izan genuen, eta oso gustura ibili nintzen; horrekin gelditzen naiz.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend