Katturen omenezko ekitaldiak egingo dituzte datozen egunetan Azkoitian

Hilaren 15ean, mendi irteera, zuhaitz landaketa eta ekitaldia egingo dituzte, eta ondoren bazkaritarako elkartuko dira Orbelan. Bazkarira joateko aurrez eman behar da izena. Hilaren 19an, 35 urte beteko dira GALek Baionan errefuxiatu azkoitiarra hil zuela, eta egun horretan ekitaldia egingo dute Lapurdiko hiriburuan.
RAMON_O_EDERRA__KATTU_

Ramon Oñederra ‘Kattu’. (Hitza)

Abenduaren 19an, 35 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu errefuxiatu azkoitiarra hil zuela, eta “gertatutakoa ez ahazteko” ekitaldiak egingo dituzte beste urte batez datozen egunetan. Ohi bezala, xake txapelketak eta hitzaldiek hartuko dute egitaraua, eta ekitaldia ere egingo dute plazan. Azkoitian ez ezik, ordea, Baionan beste omenaldi bat ere egingo diote aurten Katturi haren hilketaren urteurrenean. Izan ere, Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen mertzenarioek han hil zuten azkoitiarra.

Datorren larunbatean, hilaren 15ean, hasiko dira Katturen omenezko ekitaldiak. Goizean, mendi irteera egingo dute Madariagara, eta han zuhaitza landatu eta hamarretakoa egingo dute. Eguerdian, ekitaldia egingo dute plazan, eta jarraian bazkaria egingo dute Orbela jatetxean. Hain zuzen ere, bazkarira joateko aurrez izena eman behar da Zakela tabernan, 20 eurotan.

Abenduaren 18an, berriz, iheslari politikoen inguruko hitzaldia izango da Elkargunean, eta igande horretan, hilaren 23an, amaituko dituzte ekitaldiak, XXXIV. Kattu xake memorialarekin.

GALek 1983ko abenduaren 19an hil zuen tiroz Kattu, lan egiten zuen Baionako Kayetenia tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehenengo hilketa izan zen hura. 1997an Oñederra sumarioa zabaldu zeneta besteak beste Felipe Bayo, Enrique Dorado eta Rodriguez Galingo guardia zibiliak eta Jose Luis Corcuera eta Rafael Vera politikariak auziperatu zituzten. 2003an, ordea, auzia artxibatu zuten, frogarik ez zegoelakoan. Gertatutakoa salatzeko, urtero antolatzen dituzte herrian Katturen oroimenezko ekitaldiak. Era berean, azkoitiarraren hilkataren 30. urtemuga bete zenean, haren gurasoekin erreportajea argitaratu zuen Urola Kostako Hitzak.

  • ABENDUAK 15, LARUNBATA:
    • 09:00etan, plazatik abiatuta mendi irteera Madariagara.
    • 10:00etan, zuhaitz landaketa eta hamarretakoa Madariagan.
    • 13:00etan, plazan ekitaldia.
    • 14:30ean, bazkaria Orbelan.
  • ABENDUAK 18, ASTEARTEA:
    • 18:30ean, hitzaldia Elkargunean: Iheslari politikoen ibilbidea eta gaur egungo egoera.
  • ABENDUAK 19, ASTEAZKENA:
    • 19:00etan, omenaldi ekitaldia, Baionan.
  • ABENDUAK 23, IGANDEA:
    • Goizean zehar, XXXIV. Kattu xake memoriala.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend