Kirola, inklusiorako bitarteko

Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten gazteen kirol premiak betetzeko sortu zuten Orioko Berdin-Berdinak elkartea. Gaur, urritasunik ez duten gazteekin ere aritzen dira. Gipuzkoako Hitzak elkartearen jardunaren berri eman du.
Captura de pantalla 2018-12-07 a las 10.42.04

Hirugarren urtez jarraian, surf inklusiboko saioa egin dute Orion, Berdin-Berdinak elkarteak eta herriko surf taldeak antolatuta. (Berdin-Berdinak kirol elkartea)

Urrats txikiak eginez, helburu handiak lortzen ari dira Orioko Berdin-Berdinak kirol elkarteko kideak. Sei urte dira elkartea sortu zutela, arauz kanpoko funtzionaltasuna duten herritarren premiei erantzuteko asmoarekin. “Ikusi zuten aniztasun funtzionala edo behar bereziak dituzten pertsonek igeriketa eta beste hainbat kirol egiteko aukera egokirik ez zeukatela Orion, eta antolamendu egokirik ere ez zegoela herrian; gutxienez Zarautzera jo beharra zeukatela zerbait egin nahi bazuten”, dio Miren Salsamendi elkarteko presidenteak. Horregatik sortu zuten Berdin-Berdinak. Baina elkartea ez dute osatzen aniztasun funtzionala duten kideek bakarrik, “inklusioa” baitute helburu. Eta, Salsamendiren arabera, ez dute jorratzen edozein modutan: “Guk egiten duguna da alderantzizko inklusioa. Taldea sortu zen aniztasun funtzionala edo behar bereziak dituzten gaztetxoentzat, eta, pixkanaka, sartzen joan dira inolako urritasunik ez duten gazteak. Hori da gure aberastasuna”.

Hasieran, igeriketa bakarrik lantzen zuten, baina, urteekin, kirol aukera zabalduz joan dira. Aurten, batik bat, igeriketa eta arraunketa ari dira lantzen. “Eskaintza aldatzen doa, beharren arabera. Beste urte batzuetan, pilotako taldea ere atera izan dugu; aurten, ez, jenderik ez zegoelako”. Baina, berrikuntza gisa, aukeran badute beste jarduera bat: adinekoentzako ariketa fisikoa. “Orain arte, gaztetxoekin bakarrik aritzen ginen, baina erabaki dugu adinekoei ere aukera ematea. Haiekin jarduten gara bai igerilekuan eta bai lehorrean; patologiaren bat dutenak edo Osakidetzatik gugana bideratu dituztenak dabiltza gurekin, gaixotasunen bat izan ondoren komeni zaielako kirola egitea errehabilitatzeko. Dagoeneko sei bat lagun baditugu taldean”. Horietaz gain, laugarren urtez, Sormena eta Mugimendua ikastaroa antolatu dute Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako umeentzat.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend