Idia protagonista izango duen festa antolatu dute Aian

Andrea Zipitria 2024ko mai. 5a, 10:00

Soarteren idiak. (Ibon Errazu)

Aiako Udalak antolatuta, Idi Eguna izango da lehenengoz, hilaren 18an. Idia protagonista izanik, idi erakusketa, artisau azoka, bazkaria eta erromeria antolatu dituzte, besteak beste, egun horretarako.

Idiari bestelako protagonismoa eman nahi izan diote Aian. Horretarako, haiei eskainitako eguna antolatu dute hilaren 18rako. Bada, Idiaren Egunean, animalia izango da protagonista, baina nolanahi ere, eskaintza zabala izango da. Artisau azokaren hasiko dute eguna, eta goizean zehar idi erakusketa ikusgai jarriko dute aparkalekuan; idi-parea guardiarekin ere ibiliko da herrian zehar. 13:00etan, idi-proba erakustaldia egingo dute –Kantabriar erara– Azkueko zelaian.

Bazkaria egingo dute 14:30ean frontoian. Tiketak eskuragarri daude dagoeneko Iturriozena tabernan, 65 euroan, eta antolatzaileek iragarri dute aurrez hartu beharko direla. Idiaren Eguna izanik, bazkariaren menuan presentzia izango du idiak. Ondorengoa izango da menua: idi txistorra; idi zezina; idi kroketa; idi sahieskia: idi txuleta, entsaladarekin eta patata frijituekin; arroz esnea eta txokolate kroketa. Ogia eta edaria prezioaren barruan daude.

Arratsaldean jarraipena izango du festak. 17:30ean Beñat Gerekaren, Mario Nogueiraren eta Iñaki Olidenen eskutik idien inguruko solasaldia eta proiekzioa izango dira, eskolako saltogelan. Jarraian, 19:30ean, pintxo dastaketa egingo dute eta, eguna borobiltzeko, Izer eta Alabierrek dantzan jarriko dituzte herritarrak.