Festa giroa izango da nagusi larunbatean Azkoitiko San Martin auzoan

Iraia Oteiza 2023ko aza. 8a, 15:41

Meza, umeen zein helduen mendi lasterketa, hamaiketakoa eta jolasak izango dira auzoan, San Martin egunez. Ondaregunea ere irekita egongo da eta bisita gidatuak eskainiko ditu Munibe Arkeologia Taldeak. Tradizioa den moduan, kanpai festak ere ez du hutsik egingo.

San Martin eguna ospatuko dute larunbatean, hilaren 11n, Azkoitiko izen bereko auzoko jaietan, eta egun osorako egitaraua antolatu dute hango Mikologi eta Ardatz elkarteek.

Azken urteetan bezala, goizeko 10:30ean meza izango da San Martingo ermitan bertan. Ondoren, Mikologi elkarteak antolatutako VIII. San Martin mendi lasterketa jokatuko dute, umeena zein helduena. Haurrena 10:40ean hasiko da Mikologi elkartearen paretik, eta 400-500 metroko ibilbidea egingo dute. Auzoko ermitako erlojuak 11:00ak jotzearekin batera abiatuko dira helduak leku beretik. Horiek 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute, eta inguruko mendixkak zeharkatuko dituzte, hala nola Munoaundi, Txalintxo eta Kukuerri. San Martingo ermitako kanpaia jotzearekin batera amaituko dute parte hartzaileek proba.

Korrikalariek egunean bertan eman ahal izango dute izena, 10:00etan, Mikologi elkartean. Ohiturari jarraituz, Kurutzia baserriak emandako produktu sorta bana jasoko dute helduen probako aurreneko gizonak eta emakumeak, eta partaide guztien artean sariak zozkatuko dituzte antolatzaileek. Lasterketa amaitutakoan, hamaiketakoa eskainiko dute.

Halaber, goiz osoan zehar, txorizo eta haragi egosia dastatzeko aukera izango da Ardatz elkartean, eta arratsaldera begira ere jolasak antolatu dituzte elkarte horretan bertan, hala nola, zaku karrera zein itsulapiko apurketa.

Kanpai festa eta bisita gidatuak

Tradizioa den moduan, kanpai festa izango da protagonista, herritarrek ermitako kanpaia jotzeko aukera izango baitute goizetik iluntzera bitartean. Horretaz gain, San Martingo Ondaregunea ere zabalik egongo da larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Egun berean, bisita gidatuak egingo ditu Ondaregunean Munibe Arkeologia Taldeak, 12:00etan eta 17:00etan. Bisita horiek doakoak izango dira.