Oier Elorza eta Alaitz Oruesagasti nagusi, Azkoitiko San Martin mendi lasterketan

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 11a, 15:29

Gizonetan, Josu Imaz sailkatu da bigarren, eta Borja Zubizarreta hirugarren. Emakumeetan, Naia Aleson izan da bigarrena, eta Ainhoa Larrañaga hirugarrena. Helduen lasterketaren aurretik, haurren probak jokatu dituzte. Gaurko egunez tradizioa den moduan, kanpai festa ari da izaten protagonista San Martin auzoan.

San Martin eguna da gaur, eta ohitura den moduan, San Martin mendi lasterketa jokatu dute Azkoitiko izen bereko auzoan. Mikologi elkarteak antolatuta, zortzigarren aldiz egin dute ekintza, eta umeen zein helduen probak izan dira. Eguraldi makurra eginagatik, jendetza bertaratu da San Martin auzora, eta giro ederra sortu da.

Haurren lasterketak 10:40an hasi dira, eta horiek 400-500 metroko ibilbidea osatu dute. Haien ondoren, auzoko ermitako erlojuak 11:00ak jotzearekin batera abiatu dira helduak leku beretik. Horiek 7,5 kilometroko distantzia eta 400 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea gauzatu dute, inguruko mendixkak zeharkatuz, hala nola Munoaundi, Txalintxo eta Kukuerri. Urteroko gisan, San Martingo ermitako kanpaia jotzearekin batera amaitu dute lasterketa parte hartzaileek. Guztira, 114 parte hartzaile izan dira helduen proban. 

Sailkapena

Guztira, 114 lasterkarik parte hartu dute helduen lasterketan, eta honako hauek izan dira irabazleak:

Gizonak:

1. Oier Elorza: 30:52

2. Josu Imaz: 32:12

3. Borja Zubizarreta: 32:52

Emakumeak:

1. Alaitz Oruesagasti: 41:30

2. Naia Aleson: 42:39

3. Ainhoa Larrañaga: 43:25

Kurutzia baserriak emandako produktu sorta bana jaso dute helduen probako aurreneko gizonak eta emakumeak, eta kalabaza bana azkena helmugaratu direnek. Gainera, partaide guztien artean sariak zozkatu dituzte antolatzaileek. Lasterketa amaitutakoan, hamaiketakoa eskaini dute.

Kanpai festa ere bai

Lasterketa ez ezik, bestelako ekintzak ere gauzatuko dituzte gaurkoan San Martin auzoan. Izan ere, egun osoko egitaraua antolatu dute hango Mikologi eta Ardatz elkarteek.

Egunari ekiteko, 10:30ean hasita, meza izan da ermitan. Goiz osoan zehar, txorizo eta haragi egosia dastatzeko aukera ere izan da Ardatz elkartean, eta arratsaldera begira jolasak antolatu dituzte elkarte horretan bertan, hala nola, zaku karrera zein itsulapiko apurketa.

Tradizioa den moduan, gainera, kanpai festa ari da izaten gaurko protagonista, herritarrek ermitako kanpaia jotzeko aukera izango baitute goizetik iluntzera bitartean. Goiz partean, herritar ugari animatu dira kanpaia jotzera, eta haren hotsak lau haizetara zabaldu dituzte.

Horrez gain, San Martingo Ondaregunea ere zabalik egongo da gaur, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, bisita gidatuak egingo ditu Ondaregunean Munibe Arkeologia Taldeak, 12:00etan eta 17:00etan. Bisita horiek doakoak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide