Gabonetako argiak aztergai

Ane Olaizola 2024ko mar. 13a, 10:07

Azkoitiko Eskolako Agenda 2030 progamako lantaldeko hainbat kide. (Ane Olaizola)

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, energia ari dira aztertzen Azkoitian, eta LHko ikasleek Gabonetako argien lanketa egin dute. 300 herritar eta dendariren ekarpenak jaso dituzte, ondoren lana udalean aurkezteko.

Azken urteetan gaurkotasun berezia hartu du energiak, eta horren barruan, Gabonetako argien gaineko eztabaidak: noiz piztu eta itzali beharko liratekeen, non kokatu beharko lituzketen, merkataritza sustatzeko eraginkorrak al diren... Gizartean askotariko iritziak daudela jakitun, gaiari heldu diote Azkoitian Bizilore Eskola Aktiboko, Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako LHko ikasleek, eta Eskolako Agenda 2030 programaren barruan merkatarien zein herritarren ekarpenak jaso eta aztertu dituzte.

Iaz gaiaren diagnosia osatu eta prozesua udalean aurkeztu ondoren, ikasturtea hasterako ekintza planari ekin zioten lantaldeko kide Amets Aramendi, Auritz Mujika, Mara Aranbarri, Olaia Luzarraga, Ane Santisu eta Luka Beristain ikasleek. Hain zuzen, galdetegiak egin dituzte eta guztira, 310 herritar eta saltoki ingururen erantzunak jaso dituzte.

Taldearen arabera, datu "esanguratsuak" lortu dituzte, eta hainbat ondorio atera: besteak beste, ebatzi dute herritarrak zein dendariak Gabonetako argiak jartzearen alde daudela, baina horretarako egunak eta orduak mugatzearen alde agertu dira. Hain zuzen, herritarren %67ari ez zaio "egokia" iruditzen Gabonetako argiak gau osoan piztuta edukitzea, eta argiztapen sistema aldatzea nahiko lukete: "Gabonetako argiak eta faroletakoak batera pizten dira Azkoitian, eta beraz, gau osoan piztuta egoten dira apaingarri horiek", esan dute kideek. Galdetegia erantzun duten gehienek, gainera, uste dute abenduaren erdialdetik Errege Eguna igaro arte piztu behar liratekeela. "Merkatariak zein herritarrak ados daude horretan". Iaz, abenduaren 6an piztu zituzten Gabonetako argiak.

Kokapenari dagokionez, berriz, askotariko iritziak jaso dituzte: "Batzuek eskatzen dute beraiek bizi diren kalean jartzeko; beste batzuk inon ez jartzearen alde daude. Horrez gain, zenbaitek uste du argiak herrian orekatuta jarri beharko liratekeela, guztiak Kale Nagusiaren inguruan kontzentratu beharrean, auzo desberdinetara zabalduz". Bestalde, dendarien ia %67k adierazi du herritarrak ez direla saltokietara joaten hasten argiak pizten diren unetik aurrera. Gainera, "ez dago adostasunik" erakusleihoak soilik argiekin apaintzearen inguruan, eta %61ek argiak beste elementu batzuekin apaintzearen alde egin du.

Proposamenak udalari

Artelatzeko Arantxa Oriak koordinatzen ditu Azkoitiko Eskolako Agenda 2030eko ekintzak, eta hark jakinarazi du Azkoitiko Udalak osorik ordaintzen duela Gabonetako argien kostua. Ikasleek eman dute horren datua: 16.000 euro. Ildo horretan, taldeko kideek azaldu dute galdetegia erantzun duten dendariek ez zekitela Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen dituela argi horiek ordaintzeko. Horrez gain, herritarren %78k nahiko luke argitarako bideratzen den dirua "beste modu batera erabiltzea".

LHko ikasleak Gabonetako argiak aztertu dituzten moduan, DBHkoak energia berriztagarriak aztertzen ari dira, eta guztien emaitzak udalean aurkeztuko dituzte ikasturtea amaitzerako. Era berean, hainbat proposamen ere helaraziko dizkiete udal ordezkariei, eta horietako bat sistema aldatzea izango dela aurreratu dute kideek, Gabonetako argiztapena "autonomoagoa" izan dadin. Ekarpen zehatzak egingo dituzte orduan, hala nola eguzki eta giza energiari lotutakoak. "Bizikleta gainean, pedalkada sor daiteke energia, eta ekintza puntual polita izan daiteke hori, modu horretara jendeak ikusi ahal izango duelako zenbat kostatzen den argia piztea".