Eguzkik udalari galdegin dio ibai ertzetan sareta jartzeko diru laguntza eska dezala

Ane Olaizola 2024ko mar. 26a, 15:16
Sareta barandan, Altzibar etorbidean. (Eguzki)

Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei eta mankomunitateei zuzendutako diru laguntza lerro berria onartu duela eta, eskaera egitea galdegin dio udalari, herri erakundeak ibaira "zaborrak kontrolik gabe isurtzea" eragozten duten elementuak instala ditzan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak zabor metaketa prebenitzen laguntzeko diru laguntzak banatuko ditu aurten ere, udalei eta mankomunitateei zuzendutako 125.000 euroko laguntza lerroa onartu ondoren, eta Eguzki talde ekologistak diru laguntza horiek eskatzeko galdegin dio Azkoitiko Udalari, herri erakundeak ibaira "zaborrak kontrolik gabe isurtzea" eragozten duten elementuak instala ditzan. Taldearen esanetan, laguntza horiek lanen aurrekontuaren %75era irits daitezke.  

Taldeak azaldu du udalak 18.000 euroko partida txertatu duela aurtengo aurrekontuetan hondakinak ibai-sistemara isurtzea eragozten duten elementuak baranden azpian jartzeko. Era berean, iazko otsailean udalari eskatu zion saretak jartzeko Altzibar auzoko 41 zenbakidun atariaren aurrean dagoen aparkalekutik Juin kalea eta Azkoitia-Azpeitia bidegorria lotzen dituen bideraino, eta taldeak esan du udalak erantzun diela saretak hondakinak metatzeko guneetan bakarrik jarriko dituela, eta horretarako, "identifikazio lanak" egingo dituela. "Ulertzen dugu, aurtengo aurrekontuetarako prebentzio neurri horiek instalatzeko 18.000 euroko zuzkidura onartu bada,
Ingurumen Sailak identifikazio-lan horiek egin dituelako izango dela. Gune horiek Eguzkik identifikatutakoekin bat datozela pentsatu nahi dugu, horrela hondakinak Urola ibaira, Katuin errekara eta Txalon Erreka auzoko errekastora iristea saihestuz. Izan ere, batzuek hondakinak nahi duten lekura botatzeko eskubidea dutela uste dutenez, hondakinak edonon agertzen dira, eta zati bat ibai-ibilguetan amaitzen da, haizeak bultzatuta. Ibaien aldameneko barandak ate irekiak dira, eta hortik iristen dira hondakin horiek", esan du Eguzkik.

Haren arabera, ibai-ibilguetan zabola pilatzea kutsadura fokuak dira, eta ohartarazi du kostaldean, faunan zein floran eragina duela. Hori horrela, barandak ibaien babesgarri direla azpimarratu du: "Prebentzio neurri horiek ezarriz lortzen duguna da barandak, pertsonak edozein istriputatik babesten dituzten bezala, ibai-babesgarri ere bihurtzea. Izan ere, gure etxeetan hasten da itsasoaren zaintza, nahiz eta hondartzaren lehen lerroan ez bizi".