Sidenorrek aldi baterako %100eko lan-erregulazioa proposatu du Azkoitiko lantegiko laminazio handian

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 27a, 10:15

Laminazio handiko sailerako ez ezik, enpresak %31ko espedientea proposatu du Azkoitiko lantegiko laminazioko tren txikirako eta %53koa akabera-sailerako, EFE agentziaren arabera. 

EFE agentziak jakinarazi duenez, Sidenorrek zehaztu ditu Azkoitiko lantegian jarriko duen aldi baterako lan erregulazio espedientearen (ABEE) xehetasunak. Agentziaren arabera, aldi baterako % 100eko lan-erregulazioa proposatu du Azkoitiko lantegiko laminazio handian, %31ko espedientea laminazioko tren txikirako eta %53koa akabera-sailerako.

Martxo hasieran jakinarazi zuen Sidenorrek Azkoitiko lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko zuela, eta ordutik hainbat izan dira sindikatuekin egindako bilerak. Joan zen hilaren 14an elkartu zen enpresako zuzendaritza sindikatuekin aurrenekoz, erregulazio espedientearen xehetasunak zehazteko. Astelehenean elkartu zen bigarrengoz negoziazio komisioa eta atzo, martxoak 26, egin zuten alde bien hirugarren bilera.

Altzairu industria taldearen arabera, Azkoitiko lantegiak azken hilabeteetan bere jarduera jaitsi egin du, eskaeraren beherakada medio. Horregatik, erregulazio espedientearen arrazoiak "ekoizpenari eta antolaketari loturikoak" direla argudiatu du. Sidenorren hasierako asmoa erregulazio espedientea 2025eko ekainaren 30era arte ezartzea da, eta lantegiko langile guztiei eragingo lieke. 

Azkoitikoa ez da Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea abitau nahi duen lantegi bakarra, Reinosakoan (Kantabria) ere asmo bera baitu. Reinosako lantegia duela hilabete batzuk geldirik egon zen energia kostu handiengatik, eta 2023ko azken hiruhilekoan jarri zuten atzera martxan, 2024an merkatuak gora egingo zuela aurreikusita. Azkenean, baina, "ez da halakorik gertatu".
 

Sindikatuen erreakzioak

Astelehenean izandako batzarraren ostean, ELA sindikatuak salatu zuen zuzendaritzak ez diela enpresaren egoera ekonomikoari, bezeroen zerrendari eta proposatuko diren neurri osagarriei buruzko dokumentazioak helalarazi, sindikatuak eskatu arren. "Zuzendaritzak argudiatu du enpresak izan ditzakeen irabaziak ez direla garrantzitsuak negoziazio honetan, eta ELAk uste du horiek ezinbestekoak direla arrazoiak argudiatzeko".

ELAk azaldu du altzairu industria taldeak 25 milioi euroko irabaziak metatu dituela auditatutako azken kontuetan. Hori hala, sindikatuak salatu du lan erregulazio espedientea ez dela "proportzionala", eta langileentzako erabaki "dramatikoa" dela azpimarratu du. 

"Azken urteotan enpresaren salmentak handitu dira, eta Sidenorrek beste lurralde batzuetan dituen lantegietako lan kargak asko handitu dira, Azkoitian lana ezabatuz". Ildo horretan, enpresak "beldurraren politika" ezarri nahi duela esan du sindikatuak, eta gaineratu du "CCOO, UGT eta USO sindikatuek osatutako gehiengo sindikal otzana" sortu nahi duela zuzendaritzak, Azkoitian duen gehiengo sindikala "ezabatzeko" —ELAk du gehiengoa Azkoitian—. 

ELAk zein LABek aldi baterako lan erregulazio espedientea "bertan behera" uzteko eskatu dute. 

LABek, bere aldetik, adierazi du espedientea ez dela "beharrezkoa": "Denon diruarekin, irabazi ikaragarriak dituen enpresa bati dirua aurrezteko baino ez dio balioko aldi baterako lan erregulazio espedienteak. Bitartean, langileek langabezia galduko dugu". Haren arabera, Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedienteen "gehiegizko erabilera" egin du "historikoki".