Bertan behera geratu da Zubizarreta III.a eta Egiguren V.a Gurean jokatzekoak ziren buruz buruko pilota partida

Iraia Oteiza 2024ko api. 19a, 16:10

Zubizarreta III.ak sukarra du, eta ondorioz ezin izango du Egiguren V.aren aurkako final laurdenetako partida jokatu. Hori dela eta, galdutzat emango zaio partida pilotari ataundarrari, 22-0eko emaitzarekin.

Baiko eta Aspe pilota enpresek jakinarazi dutenez, Zubizarreta III.ak sukarra du eta ezin izango du gauean Azkoitiko Gurea pilotalekuan Egiguren V.aren aurka jokatu behar zuen final laurdeneko partida jokatu. Ondorioz, galdutzat emango zaio partida Zubizarretari, 22-0eko emaitzarekin.

Gainerako partidak, ordea, aurreikusi bezalaxe jokatuko dituzte herriko frontoian: 22:15ean hasita, lehen mailako buruz buruko final laurdenetako partida jokatuko dute Elordik eta Artolak, eta jarraian Elezkano II.a-Erostarbe eta Etxeberria-Gaskue bikoteak izango dira lehian.