Ibaitik ateratako zaborra jendaurrean jarri du udalak, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz

Ane Olaizola 2024ko mai. 6a, 15:54

Ibai Ondo kalean jarri duten kontainer barruan dago Urola garbitzeko azken lanetatik ateratako hondakina, eta udalak ibaia zaintzeko deia egin du.

Urola ibaia garbitzeko lanak egin zituen udalak joan zen hilean, eta handik ateratako zaborra ikusgai jarri du gaur erakundeak. Datozen egunetan, Ibai Ondo kalean jarri duten kontainer batean bilduta egongo dira hondakinak jendaurrean, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz: "Ibaiak ez du hondakinik sortzen, ibaia ez da zabor tokia. Zaindu dezagun ibaia!", irakur daiteke edukiontziaren kanpoaldean.

Apirilaren 17an hasita, Azkoitiko bi eremu garbitu zituen udalak: batetik, Ipintza eta Jausoro arteko eremua garbitu zuten, Altzibarko presan hasi eta Jausoroko zubi parerainoko tartea; bestetik, Basterretxe industrialdetik hasi —Eroskiko aparkalekutik— eta Berrosuetako zubi parera arteko tartea garbitu zuten. Handik ateratako zaborra da udalak orain jendaurrean jarri duena.