Saretzen

Azpeitiko hamar herritarretatik bat atzerritarra da

Aitziber Arzallus 2023ko api. 5a, 09:00

Azpeitiko herritar guztien %9,8 atzerritarrak dira. Urola Kostako batez bestekoa baino handixeagoa da tasa, baina eskualdean badira handiagoa duten herriak. Amerikarrak eta afrikarrak dira Azpeitian bizi diren atzerritar gehienak; hala izan da beti. Jatorriko herrialdeari erreparatuta, berriz, marokoarrena da komunitaterik handiena, alde handiarekin, eta pakistandarrena bigarrena. Generoari dagokionez, amerikarren artean emakumeak dira nagusi; beste kontinente guztietako atzerritarren artean, ostera, gizonak.    

Azken hogei urteotan, asko hazi da Azpeitian bizi diren atzerritarren kopurua. 2002an, 277 lagun besterik ez ziren espainiar nazionalitaterik ez zutenak; herritar guztien %2. 2021an, berriz, bost aldiz gehiago ziren, 1.483 lagun; herritar guztien %9,8. Urola Kostako batez bestekoa (%9,5) baino zertxobait handiagoa da Azpeitiko atzerritarren tasa, baina eskualdean badira ehuneko handiagoa duten herriak: Zestoa (%10,4), Orio (%11), Getaria (%11,3) eta Azkoitia (%11,7). Bailarako gainontzeko herrietan, Azpeitiko tasa zein eskualdeko batez bestekoa baino txikiagoa da atzerritarren zenbatekoa.

Jatorriko kontinenteari dagokionez, Azpeitian amerikarrak izan dira nagusi, bai lehen eta bai orain. 2002an, herrian bizi ziren atzerritarren ia erdiak amerikarrak ziren; eta 2021ean, %37. Aipatzekoa da atzerritar guztiekiko amerikarren proportzioa txikitu egin den arren, zenbaki absolutuetan asko hazi dela kopurua; eta gauza bera gertatu da europarrekin ere. Kontrara, hazkunde esanguratsua izan du afrikar jatorrikoen taldeak, nola atzerritar guztiekiko proportzioan, hala zenbaki absolutuetan ere; eta zer esanik ez, asiarrenak. Egun, Azpeitian bizi diren hamar atzerritarretatik lau amerikarrak dira, eta hiru afrikarrak. Aldiz, hamarretik bi ere ez dira europarrak, eta zertxobait gutxiago dira asiarrak.  

Beheko grafikoan argi ikus daiteke kontinente bakoitzeko atzerritarren kopuruak urtez urte izan duen bilakaera. Duela hogei urte, amerikarren taldea zen handiena, eta gaur egun ere halaxe da. 2002tik 2008ra artean, hazkunde indartsua izan zuen amerikarren zenbatekoak, baina 2008ko krisialdiaren eraginez, gelditu egin zen hazkunde hori, eta 2016ra bitartean ia egonkor mantendu zen kopurua. Ordutik hona, ordea, goranzkoa izan joera, eta, gainera, urtez urte dezente haziz doa Azpeitian bizi diren amerikarren zenbatekoa.

Afrikar jatorriko atzerritarren kopurua ere etenik gabe hazi da azken hogei urteotan, salbuespen urterik gabe. Urte batzuetan, gainera, esanguratsua izan da hazkundea, eta nabarmentzekoa da, 2014an, Azpeitian bizi ziren amerikarren eta afrikarren zenbatekoa parekatu egin zela, nahiz eta harrezkero amerikarrenak hazkunde nabarmenagoa izan duen.

Asiarren kopuruak ere goranzko joera izan du bi hamarkada hauetan, 2015ean eta 2016an izandako geldialdia salbuetsita. Kontrara, europar jatorriko atzerritarren zenbatekoak hazkunde handia izan zuen 2008ra bitartean, baina krisialdi ekonomikoaz geroztik, gorabehera txiki batzuekin, baina nahikoa egonkor mantendu da.

Jatorriko herrialdeari dagokionez, duela bi hamarkada zein gaur egun, marokoarrena da talderik handiena. 2021ean, Azpeitian bizi ziren atzerritarren %22 marokoarrak ziren, eta pakistandarrak ziren %13. Dena dela, esan liteke marokoarren korpuruak hazkunde gorabeheratsua izan duela, hazkunde indartsuko urteak ez ezik, beheraldi esanguratsukoak ere izan direlako tartean. Pakistandarren kopuruak, ostera, hazkunde jarraitua edo lineala izan du, 2009ko, 2015eko eta 2021eko jaitsierak kenduta.

Marokoren eta Pakistanen atzetik, alde handiz, Ekuador, Errumania, Portugal eta Txile dira Azpeitian bizi diren atzerritarren jatorri herrialde nagusiak. Errumaniarren eta txiletarren kopuruek bi hamarkada hauetan goranzko joera izan dute nagusiki. Aldiz, ekuadortarrak zein portugaldarrak asko ugaritu ziren 2008ra bitartean, baina orduan hasitako krisialdi ekonomikoaren eraginez, bi herrialde horietako atzerritarren zenbatekoek jaitsiera nabarmena izan dute harrezkero.

Generoari dagokionez, Azpeitian bizi diren atzerritarren %52 gizonak dira eta %48 emakumeak, ia erdi eta erdi dira beraz. Baina generoaz gain jatorriari ere erreparatuz gero, aldeak nabarmenak dira. Asiarren artean, hamarretik zazpi gizonak dira; europarren afrikarren artean, gehiago dira gizonak, baina aldea txikiagoa da; amerikarren artean, aldiz, emakumeak dira hamarretik sei. Alde horiek beti egon izan dira.