Aiora Ibar Espainiako txapeldunorde errugbiko euskal selekzioarekin

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 26a, 11:16
Aiora Ibar (ezkerretik bigarrena) Eibar ERTko beste hiru kiderekin. (Eibar ERT)

Eibarko ERT taldeko jokalaria da Aiora Ibar azpeitiarra, eta asteburuan 19 urtez azpikoen Espainiako txapelketa jokatu zuen euskal selekzioarekin. Euskal Herriko neskek ezin izan zuten Kataluniaren aurkako neurketa irabazi. 

Aiora Ibar errugbi jokalari azpeitiarrak 19 urtez azpikoen Errugbiko Espainiako txapelketa jokatu du asteburuan euskal selekzioarekin. Kataluniako selekzioa izan dute parez pare Sitgesen jokatutako partidan, baina Euskal Herriko taldeak ezin izan du aurkaria menpean hartu. Horrenbestez, 19 urtez azpikoen euskal selekzioak txapeldunorde amaitu du 2024ko emakumeen Cesa txapelketaren finala.  

Eibarko ERT taldeko jokalaria da Ibar, eta klub armagineko lau neska deitu zituen euskal selekzioak joan den asteburuko partidarako. Hain zuzen, Maren Garcia, Arrate Delgado, Ane Rincon eta Aiora Ibar izan dira Eibar ERT taldetik deialdira deitutakoak. Ohorezko Mailan ari dira lehian, baina Eibarko neskak denboraldi gogorra izaten ari dira. Dena den, oraindik mailari eusteko borrokan dabiltza. 

Irakurri Aiora Ibarri iaz egindako elkarrizketa, hemen