Ireki dute Pasaiako segadaren bueltako gertaerak kontatzen dituen erakusketa

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 28a, 09:48

Asteartean zabaldu zuen Pasaia Argitu taldeak Pasaiako segadaren xehetasunak gizarteratzeko antolatutako erakusketa. Zabalik egongo da apirilaren 11 bitarte. Pasaiako segadaren 40. urteurrenaren egitarauaren barruan antolatu dute erakusketa. 

Pasaiako segadaren 40. urteurrenaren bueltan antolatutako ekintzen barruan, erakusketa zabaldu du Pasaia Argitu taldeak Foru Ibilbideko aretoan. Astelehenean ziren erakusketa zabaltzekoak, baina hainbat arazo tarteko, astearte arratsaldean zabaldu zuten. 1984ko martxoaren 22an Pasaian gertatutakoaren inguruko erakusketa da, baina sarraskiaren osteko herri erantzuna eta senideen mina ere jasotzen ditu. Era berean, Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarren bizitzen zertzeladak ere kontatzen dituzte horma irudiek. Gainera, Pasaiako sarraskiak prentsan izan zuen oihartzunak ere badu bere lekua erakusketan. 

Pasaia Argituk egindako erakusketa ikusgai izango da apirilaren 11 bitarte Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Aste egunetan, 18.00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Larunbatetan zein igandetan, berriz, 10:00etatik 12:00etara. Hurrengo astelehenean jai egunetako ordutegia izango du. 

Martxoaren 22an egindako lore eskaintzarekin, larunbatez egindako ekitaldi politikoarekin eta ikusgai jarritako erakusketarekin borobilduko du Pasaia Argitu taldeak Pasaiako segadaren 40. urteurrenaren bueltako egitaraua. 

40. urtez, egia argitzea xede

Pasaiako sarraskiaren 40. urteurrena atzera begiratu eta urteotako ibilbideari begirada bat botatzeko baliatu nahi izan dute Pasaiako badian (Gipuzkoa) hil zituztenen senideek eta Egiari Zor Fundazioak. Nabarmen salatu dute Pasaiako badian gertatutakoak "ofizialki aitortu gabe" jarraitzen duela. "40 urteotan epaitegietan justizia lortu nahian ibili gara. Eta epaileek hilketa zantzuak daudela onartu arren, inoiz ez dute auzia argitzeko borondaterik erakutsi", kritikatu dute. 

1984ko martxoaren 22an Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Segada baino egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. Itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituen poliziak. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra.

Ordutik, Pasaian hil zituztenen senideek eta lagunek gertatutakoa argitzeko ahaleginean jardun dute.