Trastelekuei buruzko galdetegia prestatu du udalak Alde Zaharreko bizilagunentzat

Intza Trula 2024ko api. 18a, 09:00
Artxiboko irudian Erdikalea.

"Trasteleku komunitarioak" sortzeko proiektua jarri du martxan Azpeitiko Udalak, Alde Zaharreko bizilagunen "espazio faltari" irtenbidea emateko helburuarekin. Galdetegia betetzeko azken eguna maiatzaren 4a izango da.

Alde Zaharreko herritarren "espazio faltari" konponbidea emateko xedearekin "trasteleku komunitarioen" proiektua abiatu berri du udalak. Joan den astelehenean bildu ziren lehen aldiz Nagore Alkorta alkatea eta Mikel Odriozola zinegotzia Alde Zaharreko bizilagunekin, "beraien beharrak zeintzuk diren ezagutzeko". Hala, datuak biltzen hasteko galdetegi bat prestatu du Azpeitiko Udalak Alde Zaharrean bizi direnentzat, eta hori betetzeko aukera egongo da maiatzaren 4ra arte.

Igogailurik eta ganbararik ez duten edota portal txikiak dituzten etxebizitzak aurki daitezke Alde Zaharrean, eta udalaren esanetan, askok "espazio arazoak" dituzte. Asteleheneko bilerara joan zirenei bertan banatu zitzaien galdetegia, eta gainerakoek lotura honetan bete dezakete, baita herritarren arreta zerbitzuan paperean eskatu ere. Galdetegiak, besteak beste, honako galderak ditu: zein kaletan bizi diren trastelekua behar duten herritarrak, gertutasunari zenbateko garrantzia ematen dioten eta trasteleku itxiak edo irekiak behar dituzten.

Udalak jakinarazi du datuak bildu eta auzotarren beharrak aztertu ostean bigarren bilera bat deituko duela, "proiektuaren inguruko xehetasun gehiago emateko".