Urrestillako pilota jaialdia sanjoanetara itzuliko da aurten

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 22a, 12:26
Urrestillako Txikuri pilotalekua. (Mailo Oiarzabal)

Ekainaren 21ean, bi partida jokatuko dituzte Txikuri frontoian: Egiguren eta Zabala buruz buru ariko dira lau eta erdian, San Fermin txapelketaren barruan; eta Altuna-Rezusta eta Elordi-Zabaleta bikoteek jokatuko dute estelarra.

Iaz lehen aldiz festa inguruko egunetatik kanpo eta uztailean antolatu zuten Urrestillan esku pilotari profesionalen urteroko jaialdia. Aurten, berriz ere San Joan jaien abaroan jokatuko dute, eta antolatzaileek jakinarazi dute dagoeneko zer partida izango diren ikusgai Txikuri pilotalekuan.

Ekainaren 21ean 22:00etan hasita jokatuko da Urrestillan aurtengo jaialdia, eta ohi bezala, bi partida ikusteko aukera izango dute Txikurira joaten direnek. Lau eta erdiko San Fermin txapelketaren barruan, Julen Egiguren azpeitiarrak Javi Zabala errioxarrarekin neurtuko ditu indarrak gaueko lehen partidan. Eta partida nagusian, berriz, Jokin Altuna eta Beñat Rezusta Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren kontra ariko dira.

Sarrerak erosi nahi dituztenek 608 05 42 80 telefonora deitu behar dute.