Sierbetako mojek Azpeitia agurtzeko meza egingo dute maiatzaren 1ean

Nerea Uranga 2024ko api. 23a, 09:22
Sierbetako komentua. (Nerea Uranga)

Aurten 125 urte beteko ditu Mariaren Sierben kongregazioak Azpeitian, eta herriari orain arteko guztia eskertzeko elizkizuna antolatu dute mojek. Noiz ez dakite, baina laster Azpeitia utziko dute mojek.

Sierbetako mojek Azpeitia utziko dute laster, eta Azpeitiko herria agurtzeko eta eskertzeko meza egingo dute maiatzaren 1ean, 16:30ean, Sierbetako elizan. Agurrarekin batera, Mariaren Sierben kongregazioak Azpeitian egin dituen 125 urteak ospatuko dituzte.

Gaur egun sei moja besterik ez daude Sierbetako komentuan, eta guztiak adinekoak dira gainera. Azpeitiko komentua noiz utziko duten ez dakite zehazki, baina laster izango dela aurreikusi dute. Mojek ez dakite ezta beste zein komentutara joango diren.

1899.an etorri zen Mariaren Sierben kongregazioa Azpeitira, eta haien egitekoa gaixoak zaintzea izan da, etxez etxe ibili izan dira horretan.