'Hegaldia' emanaldia eskainiko du Harribil dantza taldeak igandean

Intza Trula 2024ko mai. 7a, 10:30

Harribil dantza taldea.

Igandean, 19:00etan, Soreasu antzokian gozatu ahal izango da dantza ikuskizunaz, eta sarrerak Kulturazen webgunean daude eskuragarri.

Hegaldia, euskal dantzek historian zehar jasandako "zapalkuntzaz" eta ondorengo "hegaldiaz" hitz egiten duen emanaldia eskainiko du igande honetan, hilaren 12an, Harribil dantza taldeak. Hori horrela, emanaldia ikustera joan nahi dutenek sarrerak Kulturazen webgunean eskura ditzakete, bost euroan. Soreasu antzokian izango da, 19:00etan.

Honela dio Hegaldia dantza ikuskizunaren sinopsiak: "Euskal dantzak gure kulturan oso errotuta dauden dantzak izateaz gain, euskal izaera definitzen duten ondare kultural ere badira. Aspalditik mantendutako ohiturak izan arren, gure dantzek (kultura osoarekin batera) historian zehar zapalkuntza handia jasan dute, frankismo garaian bereziki. Horrela, Gerra Zibil zein ondorengo urteetan hainbat euskaldun Frantzia zein beste herrialdeetara atzerriratu behar izan ziren, beren maletetan, arropak ez ezik, euskal nortasuna ere eramanaz. Urte askoren ondoren, gerrak sortutako kearen artean etxera itzultzeko bidea ireki zitzaien. Konturatu gabe, ordea, atzerrian ikasitako teknika, janzkera eta pausoak bereganatu eta ekarri zituzten. Maleta horiek dira gaur egun garenaren ispilu, euskal nortasunaren kolore, alaitasun, doinu zein dantzen islada. Ahanzturan geratu ez dadin, hura gogoratzea besterik ez dagokigu guri. Beraz, maletak ireki eta has dadila hegaldia".