Ostegunetik igandera ospatuko dituzte Errezilen San Martin jaiak

Nerea Uranga 2023ko aza. 7a, 18:30

Errezil.

Prest dute San Martin jaietako egitaraua Errezilen. Festetako txupinazoa ostiral arratsaldean botako dute Errezilgo Sagarraren Elkartekoek, baina ekintzak etzi hasiko dituzte, eta segida izango dute igandera bitartean. Adin eta gustu guztietako herritarrentzako ekitaldiak prestatu dituzte; tartean, Errezil eta Bidani artekoen giza proba desafioa.

Adin eta gustu guztietako herritarrentzako festak antolatu dituzte Errezilen ostegunean hasi eta igandera bitartean: umeentzako jolasak, musika, erromeriak, magoa, antzezlanak, bertsolariak, herri afaria, bazkaria, dastaketak, kirol ekitaldiak...

Jaietako txupinazoa ostiral arratsaldean (19:30ean) botako duten arren, aurretik hasiko dituzte samartinetako ekintzak. Errezilgo Ibarbi Sagarraren Elkartekoek botako dute aurten festak hasteko suziria. "Azkenengo urteetan dezenteko martxa hartzen ari da sagarraren elkartea, Ibarbi sagarrarekin produktu bereziak ekoiztuz, Sagarraren Bidea sustatuz... Azken urteetan, gainera, bai herrira begirako zein kanporako lan asko egin du elkarteak, eta hori aitortzeko modu bat da haiek txupinazoa botatzea", azaldu du Izaro Zinkunegi Festa Batzordeko kideak eta Errezilgo zinegotziak.

Txupinazoaren aurretik eta ondoren, haurrentzako hainbat ekintza antolatu dituzte Errezilen, txokolate jana, jolasak eta Play Backa herriko gaztetxoak protagonista direla. 21:00etan, berriz, herri afaria egingo dute frontoian, Guraso Elkarteak antolatuta, eta ondoren, Iratzar taldearen erromeria izango da.

Giza proba, larunbatean

Larunbatean San Martin eguna ospatuko dute Errezilen. Besteak beste, meza nagusia eta hamaiketakoa izango dituzte eguerdi artean, eta gero, bertso bazkaria egingo dute Letea jatetxean Alaia Martin eta Agin Laburu bertsolariekin, eta Eneko Arbeo eta Julen Otamendi trikitilariek girotuta. Arratsaldean, 20:00etatik aurrera, sagardo eta pintxo dastaketa izango dira frontoian.

San Martin egunaren azken orduetan, Errezilen eta Bidaniaren arteko giza proba desafioa jokatuko da, 23:00etan hasita, Beheko plazan. Herri bakoitzetik sei mutil gazte ariko dira nor baino nor, 600 kiloko harriarekin hogei minutuan zeinek plaza gehiago egingo. Errezilgo taldea Iker Zinkunegik, Unax Aizpuru Antzelaik, Haritz Goenaga Imuntsok, Julen Rueda Erkizik, Eritz Rodriguezek eta Oier Irulegi Abittak osatuko dute, eta haien entrenatzaile Gari Etxeberria ariko da.

Errezilgo giza probako taldea.

Bi herrien artean "saltsa" sortzeko antolatu dute Festa Batzordekoek giza proba. Hala azaldu du Zinkunegik: "Aurrez ere egin izan ditugu Errezilgoen eta Bidanikoen artean kirol proba mistoak, futbol partidak... Azkeneko urteetan ez da egin festetan horrelakorik, baina aurten Festa Batzordeko kide diren mutil batzuk eta herriko beste batzuk animatu egin dira, eta larunbatean jokatuko dute. Saltsa sortzeko bi herrien arteko desafioa izango da".

Igandean, Umeen Eguna

Igandean Umeen Eguna ospatuko dute Errezilgo samartinetan, eta haurrentzako krosarekin (11:00) hasiko dituzte festa eguneko ekitaldiak. Gero, eguerdirako, Zahagi ardoa antolatu du Festa Batzordeak. Bazkari herrikoia izango da, eta berrikuntza da samartinetan. "Bakoitzak etxetik eraman beharko du jatekoa, eta edaria eta postrea Festa Batzordeak jarriko ditu. Bazkari herrikoia, Andoni Ollokiegik girotuta egingo da. Orain arte formatu horretan ez da egin bazkari herrikoirik samartinetan, baina ekaineko festetan paella jana antolatu zen tankera horretan, eta arrakasta izan zuen; 70 lagun inguru elkartu ziren orduan. Hori ikusita, azaroko jai hauetan ere antzeko zerbait antolatzailea otu zitzaigun festa batzordekooi", azaldu du Zinkunegik.

Jaiko eguna borobiltzeko, berriz, Futbolistok Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa antolatu dute arratsaldez, Borondegiko aretoan. "Azaroan eguraldiak baldintzatzen ditu festetako ekitaldiak, eta barrualdean edota aterpean antolatu ditugu ekintza gehienak", adierazi du Festa Batzordeko kideak.

Indarkeria matxistari aurre eginez

Azkenengo pare bat urteetan Indarkeria Matxistaren Kontrako Protokoloa landu du Saiaz mankomunitateak (Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albizturko udalek osatzen dute). Protokolo hori lantzeko prozesu parte hartzailea egin zuten teknikariek eta udal ordezkariek, eta herritarrekin hainbat saio ere egin zituzten. Ondoren, festetarako Indarkeria Matxistaren Esku Hartze Protokoloa egin zuten Errezilgo Festa Batzordeak eta herrian mugimendu feministan dabiltzanek osatutako talde batek. Samartinetarako protokolo hori martxan jarri dute, eta aurrez landu egin dute elkarteetakoekin eta tabernetakoekin. Festa egunetan, berriz, taldetxo bat ibiliko da besoko moreekin, eta indarkeria kasurik egonez gero, haiengana jo beharko da, eta haiek izango dute lehen arreta eskaintzeko ardura. "Aurrez hitz egin dugu elkarteetako eta tabernetako jendearekin, eta erasoren bat gertatuz gero, jende horrekin jarri beharko dute harremanetan. Hori bai, helburua beti da horrelako kasurik ez egotea", nabarmendu du zinegotziak.

Egitaraua:

  • Osteguna, azaroak 9.
    - 19:00. Pintxo poteoa, Jago magoak girotuta. Borondegin eta Errezilgo elkarteetan.
    - 22:00. Karaoketa, Borondegin.
  • Ostirala, azaroak 10.
    - 16:30. Umeentzako txokolatada.
    - Jarraian, ume jolasak eta gozokiak.
    - 19:30. Txupinazoa, udaletxeko balkoitik. Sagarraren elkartearen eskutik.
    - Ondoren, haurrentzat musika, Dantzalekuan.
    - 20:00. Play Back emanaldia herriko gaztetxoen eskutik, Dantzalekuan.
    - 21:00. Herri afaria, frontoian. Guraso elkarteak antolatuta, Euskal Parrillaren eskutik.
    - Ondoren, Iratzar taldearen erromeria, Dantzalekuan.
  • Larunbata, azaroak 11. San Martin eguna.
    - 07:00. Gaupaseroen argazkia.
    - 11:00. Meza nagusia.
    - Ondoren, hamaiketakoa, Borondegin.
    - 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Bertsolariak: Alaia Martin eta Agin Laburu. Trikitilariak: Eneko Arbeo eta Julen Otamendi. Bazkaria: 26 euro. Txartelak salgai daude Borondegin, Errezilgo dendan eta Letea jatetxean.
    - 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa, frontoian. Sarrera egunean bertan eskuratu beharko da, 15 euroko prezioa du. Euskal Parrillaren eskutik.
    - 23:00. Giza proba desafioa: Errezil-Bidani, Beheko plazan.
    - 00:00. Lidia eta Itzeder trikitilariekin erromeria, Dantzalekuan.
    - Ondoren, Naza DJa, Dantzalekuan.
  • Igandea, azaroak 12. Umeen Eguna.
    - 11:00. Umeentzako krosa.
    - 14:00. Zahagi ardoa, Zumitarioan. Bazkari herrikoia norberak janaria eramanda. Edaria eta postrea: 5 euro. Borondegin eman behar da izena.ç
    - Egunean zehar, Zampano garagardo artisauaren postua egongo da.
    - Ondoren, Andoni Ollokiegiren emanaldia, Zumitarioan.
    - 15:30. Pituxa Clown antzerkia, eskolako gimnasioan.
    - 16:30-19:30. Umeentzako ekintzak, Inguru Abenturaren eskutik, frontoian.
    - 18:00. Futbolistok bakarrizketa saioa, Zuhaitz Gurrutxagarekin, Borondegiko aretoan.
  • Igandea, azaroak 19. Jubilatuen Eguna.
    - 13:00. Meza nagusia.
    - 14:00. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.
    - 18:00. Amaterra taldearen kontzertua, Kulturazek antolatuta, Zumitarioan.