Errezilen sagarraren elkartekoen eskutik hasiko dituzte samartinak

Nerea Uranga 2023ko aza. 10a, 10:26

Bihar giza proba jokatuko duen Errezilgo taldea. (Utzitakoa)

Festa Batzordeak sagarraren elkarteari herrian eta herritik kanpo egiten duen lana aitortu nahi dio. Biharko giza proba eta etziko bazkari herrikoia dira ekintza berriak.

Errezilen herriko jaietan murgilduko dira igandera bitartean. Herri horretan bezala, eskualdeko beste hainbat tokitan ere, samartinak ospatuko dituzte: Askizun (Getaria), Buztintzuriko Errebalean (Azpeitia), Lasaon (Azpeitia-Zestoa), Ortzaikan (Orio), San Martin auzoan (Azkoitia) eta Urdanetan (Aia).

Adin eta gustu guztietako herritarrentzako festetako egitaraua antolatu dute Errezilen igandera bitarterako. Gaur, 19:30ean, botako dute txupinazoa Errezilgo Ibarbi Sagarraren Elkartekoek. "Azkenengo urteetan dezenteko martxa hartzen ari da sagarraren elkartea, Ibarbi sagarrarekin produktu bereziak ekoiztuz, Sagarraren Bidea sustatuz... Gainera, herrira begirako zein kanporako lan asko egiten du elkarteak, eta hori aitortzeko modu bat da haiek txupinazoa botatzea", azaldu du Izaro Zinkunegi Festa Batzordeko kideak eta Errezilgo Udaleko zinegotziak.

Bihar, gazteen giza proba

Bihar San Martin eguna ospatuko dute Errezilen, eta besteak beste, meza eta hamaiketakoa, bertso bazkaria Letea jatetxean, eta arratsaldean, sagardo eta pintxo dastaketa izango dituzte.

San Martin egunaren azken orduetan, berriz, Errezil eta Bidaniaren arteko giza proba desafioa jokatuko dute, 23:00etan hasita, Beheko Plazan. Herri bakoitzetik sei mutil gazte ariko dira nor baino nor, 600 kiloko harriarekin hogei minutuan zeinek plaza gehiago egingo. Errezilgo taldea Iker Zinkunegik, Unax Aizpuru Antzelaik, Haritz Goenaga Imuntsok, Julen Rueda Erkizik, Eritz Rodriguezek eta Oier Irulegi Abittak osatuko dute, eta haien entrenatzaile Gari Etxeberria ariko da. Bi herrien artean "saltsa" sortzeko antolatu dute Festa Batzordekoek giza proba. Hala azaldu du Zinkunegik: "Aurrez ere egin izan ditugu Errezilgoen eta Bidanikoen artean kirol proba mistoak, futbol partidak... Azkeneko urteetan ez da egin festetan horrelakorik, baina aurten Festa Batzordeko kide diren mutil batzuk eta herriko beste batzuk animatu egin dira bi herrien arteko desafioa jokatzera".

Etzi Umeen Eguna ospatuko dute Errezilgo samartinetan, eta haurrentzako krosarekin (11:00) hasiko dituzte festa eguneko ekitaldiak. Gero, eguerdirako, Zahagi Ardoa antolatu du Festa Batzordeak. Berrikuntza da hori samartinetan. "Bakoitzak etxetik eraman beharko du jatekoa, eta edaria eta postrea Festa Batzordeak jarriko ditu. Orain arte formatu honetan ez da egin bazkari herrikoirik samartinetan, baina ekaineko festetan paella jana antolatu zen tankera horretan, eta arrakasta izan zuen; 70 lagun inguru elkartu ziren. Hori ikusita, azaroko jaietan ere antzeko zerbait antolatzailea otu zitzaigun", azaldu du Zinkunegik.

Eraso matxisten kontra

Azkenengo pare bat urteetan Indarkeria Matxistaren Kontrako Protokoloa landu du Saiaz mankomunitateak (Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albizturgo udalek osatzen dute). Ondoren, festetarako Indarkeria Matxistaren Esku Hartze Protokoloa egin zuten Errezilgo Festa Batzordeak eta herrian mugimendu feministan dabiltzanek. Samartinetarako protokolo hori martxan jarri dute, eta aurrez landu egin dute elkarteetakoekin eta tabernetakoekin. Festa egunetan taldetxo bat ibiliko da besoko moreekin, eta indarkeria kasurik egonez gero, haiengana jo beharko da; haiek izango dute lehen arreta eskaintzeko ardura. "Hori bai, helburua beti da horrelako kasurik ez egotea", nabarmendu du zinegotziak.

SAMARTINAK ESKUALDEAN

Askizu (Getaria)

  • Gaur, ostirala.
    • 21:30. Mus txapelketa.
  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 11:00. Meza nagusia.
    • Ondoren, txakolin dastaketa.
    • 20:30. Auzoko afaria.
    • Jarraian, erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • Etzi, igandea. 
    • 12:00. Haurrentzako jolasak.
    • Jarraian, herri kirolak. Pentatloian, Iñigo Landa eta Joseba Arakama, eta harri 
      jasotzen, Udane Ostolaza eta Jokin Eizmendi. Enbilen Pepitak trikitilariek girotuko dute goiza.

Buztinzuriko Errebala (Azpeitia)

  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 16:30-18:00. Sokamuturra Errebalean, Lopene ganadutegiko zezenekin.

Errezil

  • Gaur, ostirala.
    • 16:30. Umeentzako txokolate jana, eta segidan, ume jolasak eta gozokiak.
    • 19:30. Txupinazoa, udaletxeko balkoitik. Sagarraren elkartearen eskutik.
    • Ondoren, haurrentzat musika, Dantzalekuan.
    • 20:00. Play Back emanaldia herriko gaztetxoen eskutik, Dantzalekuan.
    • 21:00. Herri afaria, frontoian. Guraso elkarteak antolatuta, Euskal Parrillaren eskutik.
    • Ondoren, Iratzar taldearen erromeria, Dantzalekuan.
  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 07:00. Gaupaseroen argazkia.
    • 11:00. Meza nagusia.
    • Ondoren, hamaiketakoa, Borondegin.
    • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Bertsolariak: Alaia Martin eta Agin Laburu. Trikitilariak: Eneko Arbeo eta Julen Otamendi. 
    • 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa, frontoian. Sarrera egunean bertan eskuratu beharko da, eta 15 euroko prezioa izango du. Euskal Parrillaren eskutik.
    • 23:00. Giza proba desafioa, Errezil eta Bidania taldeen artean, Beheko Plazan.
    • 00:00. Lidia eta Itzeder trikitilariekin erromeria, Dantzalekuan.
    • Ondoren, Naza DJa, Dantzalekuan.
  • Igandea, azaroak 12. Umeen Eguna.
    • 11:00. Umeentzako krosa.
    • 14:00. Zahagi Ardoa, zimitorioan. Bazkari herrikoia norberak janaria eramanda. Edaria eta postrea: 5 euro. Borondegin eman behar da izena.
    • Egunean zehar, Zampano garagardo artisauaren postua egongo da.
    • Ondoren, Andoni Ollokiegiren emanaldia, zimitorioan.
    • 15:30. Pituxa Clown antzerkia, eskolako gimnasioan.
    • 16:30-19:30. Umeentzako ekintzak, Inguru Abenturaren eskutik, frontoian.
    • 18:00. Futbolistok bakarrizketa saioa, Zuhaitz Gurrutxagarekin, Borondegiko aretoan.
  • Igandea, azaroak 19. Jubilatuen Eguna.
    • 13:00. Meza nagusia.
    • 14:00. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.
    • 18:00. Amaterra taldearen kontzertua, Kulturazek antolatuta, zimitorioan-


Lasao (Azpeitia-Zestoa)

  • Gaur, ostirala.
    • 20:00. Txupinazoa.
    • 20:30. Bertso afaria, auzoko elkartean. Andoni Egaña eta Oier Etxeberria bertsolariekin, eta Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuta.
  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 11:00. Meza.
    • Ondoren, auzoko adinekoentzat hamaiketakoa, elkartean.
    • 12:30. Haurren txupinazoa eta buruhandiak.
    • 13:00. Iago magoaren magia ikuskizuna.
    • 14:00. Auzoko haur eta gaztetxoen bazkaria.
    • 16:00. Puzgarriak, frontoian.
    • 17:00. Txokolate jana.
  • Azaroak 12, igandea.
    • 11:00. Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka eta erakusketa.
    • 11:30. Zestoako Idiakaitz txistulari taldea, eta Ioritz eta Iraitz trikitilariak. Erraldoien eta buruhandien kalejira.

Ortzaika (Orio)

  • Gaur, ostirala.
    • 19:30. Txupinazoa.
    • 20:00. Pintxo poteoa Bide Batez taldeak alaiturik.
    • 23:00. Bide Batez taldearen emanaldia.
    • 01:00. Ibon DJa.
  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 10:00. Meza.
    • 11:00. Hamaiketakoa, Julen eta Markelekin.
    • 19:00. Herri kirolak, auzoko gazteen artean.
    • 21:00. Karpan afaria, Zipitriki eta Turutaxek alaituta. 
    • 01:00. Hidalgo DJa.
  • Azaroak 12, igandea.
    • 16:00. Ume jolasak Txurrumuskiren eskutik.
    • Ondoren, txokolate jana.
    • 18:00. Erromeria, Jagoba eta Maddalen trikitilariekin.
  • Azaroak 17, ostirala.
    • 19:00. Herriko gazte txaranga.
    • 22:30. Mus txapelketa. Izen ematea 22:00etan irekiko dute.
    • 23:00. Andoni Ollokiegiren musika emanaldia.
    • Ondoren, Houseone eta Xanta DJen emanaldia, goizaldera arte.
  • Azaroak 18, larunbata.
    • 05:00. Baratxuri zopa.
    • 06:00. Oilasko biltzea.
    • 23:00. Aros DJa.
  • Azaroak 19, igandea.
    • 14:00. Bailarako bazkaria.
    • 18:00. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.

San Martin auzoa (Azkoitia)

  • Bihar, larunbata. San Martin eguna. 
    • Egun osoan zehar, kanpai festa.
    • 10:00- 14:00 eta 16:00-19:00. San Martingo ondaregunea irekiko dute.
    • 10:30. Meza, San Martingo ermitan.
    • 10:40. VIII. San Martin mendi lasterketa, haurren proba.
    • 11:00. VIII. San Martin mendi lasterketa, helduen proba. 10:00etarako eman behar da lasterketarako izena Mikologi elkartean.
    • 12:00 eta 17:00. Bisita gidatua San Martingo Ondaregunean, Munibe arkeologia taldeak gidatuta.
    • Arratsaldean, umeen jolasak, Ardatz elkartean.

Urdaneta (Aia)

  • Gaur, ostirala. 
    • 23:00. Ximor taberna zabalik, eta Hidalgo DJa.
  • Bihar, larunbata. San Martin eguna.
    • 06:00. Diana eta oilasko biltzea Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolariekin eta Izer eta Alabier trikitilariekin.
    • 12:00. Meza nagusia eta Gure Boza zortzikoaren emanaldia Jokin Lizaso apaiza omenduz.
    • 17:00. Auzotarren herri kirol jaialdia.
    • Jarraian, kalejira auzoan zehar trikitilariekin.
    • 21:00. Bildutako oilaskoekin afaria, Indamendi elkartean.
    • Ondoren, erromeria Enaitz Alberdi eta Naietz trikitilariekin, Indamendi elkartean.
    • 00:00. Bon DJa, Ximor tabernan.
  • Azaroak 12, igandea.
    • 11:00. Meza nagusia.
    • 12:00. Auzotarren esku pilota  eta pala txapelketako finalak.
    • Jarraian, poteoa auzoan zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariek alaituta.
    • 18:00-22:30. Kalejira eta erromeria Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
    • Ondoren, patata dantza lehiaketa eta traka zaratatsua.